GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-03-26
Kirmen Uribe - Idazlea
Beldurrik ez

Bob Dylan kantariari buruzko dokumentalean ageri da pasartea. Berriki estreinatu dute dokumentala ‘‘No direction home’’ izenburuarekin. Izenburuak berak esaten du nolakoa izango den filma: etxerik ez duen pertsona batena, bidea egiten dabilen bidaztiarena. Dokumentalean Dylanen hasierako urteak daude ikusgai. Hain zuzen, Amerikako Estatu Batuak goitik behera ibili zituen garai hura. Taberna eta areto txikietan joaz, gitarrarekin bakarrik.

Mintzagai dudan pasartean, Bob hasiberritan zela kantari zahar batek esan ziona kontatzen da. Kantariak esan zion ondo gogoan hartzeko esango zion esaldia, ez ahazteko inoiz. Ez zuela besterik beharko kantagintzan eta bizitzan aurrera egiteko. Hainbat eta hainbat urtetan hitz magikoak izan zirela haiek bere bizitzan eta Bobi ere baliagarri egingo zitzaizkiola, zalantzarik gabe. Hitzok hauexek ziren: «Beldurrik ez, inbidiarik ez, herrarik ez».

Bob Dylanek ez omen ditu sekula ahaztu kantari zahar haren hitzak. Bidaide izan omen ditu bizitza osoan zehar. Eta halaxe bizi izan da gizona, beldurra, inbidia eta herra albo batera uzten beti. Ahal zuen neurrian, hori bai. Izan ere, egiatan, beldurrak, inbidiak eta herrak trabatu egiten dute pertsonaren ibilia, ez diote uzten bidean aurrera egiten. Geldiarazi egiten dute. Urratsak egin beharrean, atzera edo albora begira jartzen dute norbera.

Hitzok balio dute gizabanakoarentzat, baina baita komunitateentzat ere. Baliagarri zaie pertsonei eta baliagarri zaio herriari. Su-etenaren berri izan eta iritziak agertu izan dira han-hemenka. Gehien- gehienak baikorrak. Baina gauza batek kezkatu nau: beldurra agertu da zenbaiten ahotan. Gauzak okertuko ez ote diren beldurra, kontuak gaizki aterako diren beldurra. Beldurra izatea ulergarria da beti, geure barru-barruan dugu. Baina nago ez ote den bidelagun ona une hauetan.

Beldurra baino nahiago dut beste hitz bat, ilusioa, hastapen hauetan behinik behin. Ezen gauza asko kutsatzen dira pertsonen artean. Kutsatzen dira gaixotasunak, esate baterako. Eta kutsatzen da tristura. Kutsatu egiten da ezkortasuna. Kutsatzen dira ere bai aharrausiak, eta kutsatu egiten da logura. Baina ez dezagun ahaz ilusioa ere kutsatu egiten dela. Ilusioa herri gisa aurrera egiteko, zauri zaharrak gutxinaka-gutxinaka sendatzen hasteko. Ilusioa, urratsak egiten hasteko; aurrera hori bai, beldurrik gabe, herrarik gabe. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Adams anima por carta a Zapatero a aprovechar la ocasión y le ofrece ayuda
Euskal Herria
El día que Euskal Herria tomó la red de redes
Kirolak
El Athletic tumba a un flojo Osasuna
Ekonomia
La industria auxiliar vasca de la Automoción depende de decisiones de las multinacionales
Mundua
«Si las empresas europeas van a Africa, ¿por qué no nosotros a Europa?»
Euskal Herria
«Ahora hace falta una iniciativa permanente por los derechos de Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea