GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-03-26
Paulo Iztueta - EHUko Pedagogia irakaslea
Testuliburuen doakotasunetik harago

Azkenaldion pedagogi diskurtsoetan irakasleek eskola-curriculumaren gara- penean ­bereziki, ikasgaien azalpenean­, edukien transmititzaile hutsa izateari utzi eta egiazko egile eta eragile izan beharko luketela aldarrikatzen bada ere, gertatzez, oraindik ere handia da, ukaezina, testuliburuek lehen eta bigarren irakaskuntzan duten garran- tzia. Estatuek aldian aldiko legeriaren arabera ezarritako curriculum-eredu desberdinetan ­zentralizatuetan oraindik areago deszen- tralizatuetan baino­, testuliburu estandarizatuak izaten dira haren bideratzea gauzatzen dutenak. Eskoletan kontsumitzaile aski finkoak aurkitzen baitira, beren jarduera gehienbat testuliburuen ekoizpenari begira antolatuta daukaten enpresa erraldoien artean benetako lehia sortzen da sektore horretako merkatuaz zein jabetuko. Estatu Batuetan, adibidez, testuliburuen ehuneko 20 eta 30 bitarteko ekoizpena Texas eta Kaliforniako estatuetan kokatzen da eta horien eragina beste estatuetara ere asko zabaltzen da, Espainiako estatuan urruti eta sakon zabaltzen diren bezala Anaya edo Santillana baten adarrak.

Pribatizazioaren sare interesatua

Testuliburuen industrian nagusitzen den irizpidea, azken batean, merkatuarena da, zeinetan nahasten baitira argitaletxe ekoizleen interes pribatuak, estatu-botere eta erakunde autonomikoen erabaki politi- koak, hezkuntza komunitateko partaideen ­kasu honetan bereziki erosle gatibuak diren gurasoen­ be- harrak eta, modu orokorrago batez, hiritar guztienak, azken hiru hauek ongizate publikoari loturik daudenak. Merkatu pribilegiatu horretan zein nagusitu da kontua. Horren inguruan mugitzen dira antolatutako presio-taldeak eta zuhurki jokatzen dute egoera berrietara moldatzeko orduan. Bruño, Edelvives, SM, Santillana, Anaya, Edebé, edota Zubia eta Giltza, zer dira hezkuntza elebidunaren garaian euskaraz argitaratzen hasten diren kanpoko sukurtsalak baino? Jakina, horretarako bertako itzultzaile eta moldatzaileekin kontatzen dute, zuzenean sektore horretan diharduten bertako argitaletxeekin lehian sartuz. Euskarazko testuliburuen historiaz hitz egiterakoan, alderdi hori ere kon- tuan hartu beharko litzateke, horiek zein lankide-mota diren argituz, bertakoak baitira kanpokoak bertakotzen dituztenak. Ala ez?

Nolanahi ere, testuliburuen doakotasunaz ari garen honetan, mailak eta mailak bereizi beharrean gaudela iruditzen zait. Batetik, bertako argitaletxe guztiak ezin dira zaku berean sartu, guztien kasua berdina balitz bezala, berdindu ezin den bezala argitaletxe batzuek saltzen duten kalitate-plusa berrargitalpenen arrazoiarekin, guztiok dakigunean berrargitalpenak beren liburugintza gehienbat testuliburuetara mugatuta daukatenen kasuan bakarrik gertatzen direla. Testuliburuen doakotasunak kolokan jarri, bere argitalpen-industria bezeria gatibuan oinarrituta daukan eta bere mozkin gehitua hortik jasotzen duen sektore hori jarri du, hori bakarrik, zirkuitu horretatik at dauden beste argitaletxeek lehen bezain krisi-egoeran egonez segitzen baitute.

Bestetik, hori esan eta gero, gaineratu behar da kanpoko argitaletxeen eta bertakoen arteko lehia daukagula eta, beste lekuetan bezala hemen ere, merkatuak agintzen duela, argitaletxe bakoitzak bere bezeria gutxi-asko finkoarekin daukan hitzarmenen edo ideologi kidetasunaren arabera. Kasu bietan, ordea, hutsune handiak nabarmentzen dira euskal curriculumaren alderdi so- ziokulturalari dagokion sailean. Hala erakusten dute azken ikerketek. Esan beharrik ez dago gabezia horiek askoz ere nabarmenagoak direla kanpokoen kasuan. Esan beharrik ez dagoen bezala, ezta ere, bertakoek gerra aurretik hona euskal irakaskuntzarako testugintzan egin duten lana mirestekoa dela eta, beraz, zinez eskertzekoa, denbora ilunetan, etekin ekonomikorik ez zegoenean aritu baitziren esker txarreko lan isilean. Arazoak, ordea, gaurko egoeratik begiratuta, lehen baino aurpegi konplexuagoa erakusten du, eta konponbidea etorri ere, hutsuneak onartzetik etorriko da, etortzekotan, ez estaltzetik, oraindik ere asko falta baita, asko, euskal curriculuma egiazko edukiz betetzeko. Euskarazko testuliburugintzak badu zer hobeturik zeregin horretan.

Eskoletan testuliburuak doan banatzeko erabakia urrats positibotzat hartzekoa da, ongizatezko beste gizarteetan bezala, hezkuntza komunitatean gurasoei zor zaien zerbitzu publiko bat baita. Izan ere, belaunaldi berrien hezkuntza ez ote da osasuna bezain ondasun publiko preziatua? Horregatik, doakotasuna dela eta, sektore honetan ziklo berri baten adierazle izan daitekeen argiuneko zerbait ikusten dut, euskal liburugintzaren politika egoera berrira berregokitzea ekar lezakeen zerbait itxaropentsua. Urrats garrantzitsua da doakotasunera, baina ez nahikoa. Harago jo beharra dago.

Jakitunen batzorde nazionala

Euskal curriculumaz ari garenean ez gara ari, ez bakarrik ez funtsean, arazoaren alderdi ekonomikoa baino ez den testuliburuen banaketa-sistema doakoaz edo ordainduaz. Alderdi honek garrantzi erabakigarria duen arren, bereziki hezkuntzaren antolaketa ekonomikoan, areago du oraindik testuliburuen nolakoak haren izaera kognitibo-pedagogikoan, zer eman hura jasotzen baitute irakasleek zein ikasleek. Euskal curriculumak, izenak berak dioen bezala, osoki euskalduna izatea eskatzen du, hizkuntzaren zein ikasgaien zein ikuspegiaren aldetik begiratuta. Horrekin guztiarekin batera, noski, alderdi didaktikoa gutxietsi gabe, ikasgaiak egoki azaltzeak asko errazten baitu ezagutzen transmisioa.

Maila honetan, estatu-botere batek dauzkan baliabideak hizkuntza minorizatu batek dauzkanekin alderatzerik ez badago ere, jatorrizko euskarazkoetan kanpoko testuliburuek sail honetan duten tradizio historikoa falta bada ere, mugak muga, iruditzen zait bertakoetan ere balegokeela gaitasunik aski beren ekoizpenaren kalitate pedagogikoa hobetzeko neurri egokiak hartuz gero. Lehenengoa Euskal Testuliburugintzarako Jakitunen Batzorde Nazionala sortzea izango litzateke, zuzenean Euskal Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatuko lukeena, hezkuntza komunitateko sentsibilitate desberdine- tako sektore eta gizarte-eragileekin harremanean. Honen helburu nagusiak, besteak beste, gutxienezko irizpide zehatz eta lotzaileak markatzea eta euskal testuliburugintzaren zirkuitu osoaren jarraipena egitea izango lirateke, ekoizpenetik hasi eta merkaturatu bitarterainokoa, horretarako behar diren azpiegitura eta lan-talde kualifikatuak sortuz. Indarrean dauden Berriztatze-Taldeen antzeko zerbait, izaera iraunkorreko zerbait. Ikuspegi partikular batetik abiatuta, euskal curriculumari bere osotasunean dagokion ikasmaterial egokia sortu ahal izateko, egun, lehen ez bezala, unibertsitateko adituekin konta daiteke, diziplinartekotasunari leku berezia emanez eta, honela, ikasgai desberdinetako jakitunak eta pedagogoak elkarlanean jarriz, kanpoko argitaletxe handi horietan egin ohi duten bezala. Horrelako plangintza bat aurrera eramateko bitartekoak eta itzal instituzionala, berriro esan, Hezkuntza Sailak jarri behar ditu.

Testuliburuen doakotasuna hankamotz geratuko da, horien izaera kontrolatzen ez bada, merkatuan zernahi produktu jarriz segitzen bada. Heldu da euskal curriculuma errotik euskalduntzeko garaia. Euskaldundu diot, inolako erre- dundantziarik gabe, gogoz eta hizkuntzaz, alegia, erdarazkoa ez baita euskalduna, ezta euskal muina falta zaion euskarazkoa ere. «Euskal» erroak folklorismo merkearen azal barnizatua baino zerbait gehiago adierazten du.

Ikasmaterial osagarrien zerbitzu publikoa

Testuliburuekin batera, badira beste liburu batzuk ere osagarriak direnak, batez ere, bigarren mailako irakaskuntzan, orduan irekitzen baitira ikasleen geroko ikasketa-aukera desberdinak, nola gizarte-zientzietakoak hala teknologikoak, edo bestelakoak. Kontua da zein liburu-motari eman behar zaion lehentasuna, orain arte bezala, bakarrik edo gehienbat fikziozkoari, ala baita eskolan lantzen diren ikasgai espezifikoekin zerikusia duten eta literatura akademikoan sar litezkeen beste batzuei ere. Hemen ere ­ikasmaterialen merkaturatzean, alegia­, literaturaren sailetik harago, beste jakintza-motak ere era berean sustatu beharko liratekeela aldarrikatzeak ez luke inor harritu behar. Latinezko littera hitzaren esanahia ez ote doa fikzio-izaerako testu idatzitik askoz harago?

Dagokien erakusleihorik ez duten arren, saio-tankerako argitalpenak ­dibulgaziozkoak nahiz akademikoak­ gero eta ugariagoak dira, eta horien artean, kalitatearen bermea eskaintzen dutenak ez gutxi, nahiz eta baden azken puntu hori zalantzan jartzen duenik. Esparru hau ere zabaldu eta zaindu beharra legoke, liburuen merkaturatzean ezarritako zirkuituaren kontrola ekimen pribatuetatik atera eta erakunde publikoen eskuetan jarriz. Eginkizun honen kudeaketa, hau ere testuliburuen politikari atxikirik datorrenez, Hezkuntza Sailari legokioke. Ea noiz ikusten ditugun biologoak, ekonomistak, historilariak, soziologoak, pedagogoak eta abar luzea, Institutuetan, Lizeoetan, Ikastoletan eta, beren saioen azalpenak egiten eta unibertsitaterako ataurrea atontzen. Edukietan anitza den euskal kultura lantzeko ba al da beste biderik? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Adams anima por carta a Zapatero a aprovechar la ocasión y le ofrece ayuda
Euskal Herria
El día que Euskal Herria tomó la red de redes
Kirolak
El Athletic tumba a un flojo Osasuna
Ekonomia
La industria auxiliar vasca de la Automoción depende de decisiones de las multinacionales
Mundua
«Si las empresas europeas van a Africa, ¿por qué no nosotros a Europa?»
Euskal Herria
«Ahora hace falta una iniciativa permanente por los derechos de Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea