Ikasleen ahotsa, Bakaikun
Bakaikun Europako Ikasle Foroa bildu da, eta GARAk Norvegiako, Italiako, Galiziako, Madrilgo eta Kataluniako ordezkariekin hitz egin du Bolognako prozesuaz. Hezkuntza «enpresaburuen nahietara» jartzea helburu duen proiektu hori ikasleen mobilizazioan oinarrituta gelditzeko aukera ikusten dute.
Ikasle Abertzaleak taldearen deialdiari jarraiki, barikutik Europako hainbat herritako ikasleen ordezkariak bildu dira Bakaikun. Izan ere, Europako ikasle foroa antolatu dute, eta besteren artean, Norvegiako, Kataluniako, Galiziako, Italiako, Portugalgo eta Madrilgo ikasleen ordezkariak daude han, Bolognako prozesuaren eraginez hausnartzeko eta horri eman beharreko erantzun komunetan adosteko. Gaur eguerdian bukatuko dute eztabaida, eta horren emaitzak Bakaikuko Deklarazioan jasoko dituzte.GARAk bertan bildu diren ikasleen ordezkari batzuekin hitz egin du Bolognako Prozesuaren gainean duten iritzia hartzeko, eta kultura eta hezkuntza sistema ezberdinetako ikasleak izan arren, egoera berriaren diagnostikoan bat datozela egiaztatu du. Estatuek goi mailako hezkuntzan martxan jarri nahi duten politika berri horren helburu nagusia «unibertsitatea kapitalaren eta merkatuaren zerbitzura» jartzea dela nabarmendu du Joaquim Framis-ek, Països Catalanseko Ikasleen Koordinakundeko bozeramaleak. Hezkuntza Europako eta munduko patronalaren eskuetan jartzea adierazten duela gaineratu du. Horrek, «unibertsitateko elitizazioaz» gain, honakoa ekarriko duela dio: etekin ekonomikorik ez dituzten ezagutzak ezabatzea, komertzializazioa, konpetibitate-finantzaketa, ikasketei dedikatutako lan jardunaldi osoko ikasleak eta Europako goi hezkuntzako merkatu logikapeko kontrola. Galiziako AGIRtaldeko Senimek antzeko azterketa egiten du. Haren ustez, giza harreman guztiei «etekin handienaren teoria» aplikatzea adierazten du Bolognak, eta «burgesiak diseinatutako hezkuntza esparrua» bilatzen duela adierazten du. Haren esanetan, hitz politekin makillatu- tako egitasmoa da, baina funtsean, «kapitalaren inposizioei men egitea» du helburu. Galegoak esan zuenez, lanaren prekarietatea areagotuko du. Movimento Dei Studenti Romani taldeko ordezkariak argi du, era berean, Europako neoliberalismoaren proiektua dela Bolognakoa, eta horren ondorioz, jakinduriaren merkantilizazioa gertatuko dela. Ikasketak enpresa pribatuen esane- tara ipiniko direla, alegia. Norvegiatik, Bergen-eko Unibertsitateko Sorland Lisa Landsverk Engervik ROSSO ikasleen taldeko ordezkari Dag Hovland Oleson dago Bakaikun. Haren iritziz, goi hezkuntzak izan behar duen izaeraren kontra doa Bolognako egitasmoa, ekarriko duen konpetitibitateak ez dielako lekurik uzten unibertsitate eta ikasle independente eta kritikoei.
Mobilizazioa da bidea
Norvegiako Gobernua Bolognako Deklarazioa aplikatzen buruan dagoela dio. Bertan «Kalitatearen erreforma» deitzen badiote ere, irakasleen %60k hizkuntzaren kalitatea txikitu duela uste dute. Miguel Urban eta Iñigo Errejon madrildarrek Asamblea contra la Mercantilizacion de la Universidad (ACME) taldearen izenean hartu dute parte Bakaikuko foroan. Haien iritziz, Bolognako prozesuari ezetz esateko arrazoi ugari dago, eta beste joera zabalago batean sartzen dute hezkuntzan ezarri nahi duten joera. Europako ekonomiaren transformazio erradikalean, hain zuzen; elite ekonomiko eta politikoek zuzendua. Hor sartzen dituzte Bolkestein zuzentaraua egonkortzeko ituna eta Europako Konstituzioa. Bolognako Deklarazioa «giltza» dela nabarmentzen dute. Ikasleei dagokienez, langiletzat hartuko dituela azaldu dute, eta eredu modura astero 40 lanorduko jardunaldiak aurreikusten direla aipatu dute. Bestalde, asmo horiei zer erantzun eman izan da Bakaikun jorratu duten gai nagusietako bat. Horretan ere bat datoz kontsultatutako ordezkariak, ikasleen mobilizazioa ezinbestekoa ikusten baitute guztiek. ACMEko ordezkariek argi dute jarraitu beharreko bidea: «Fakultate bakoitzean bilerak, mobilizazioa eta Europan borroka estrategien koordinazioa». Horretaz gainera, prekarietateak eta giza eskubideen urraketak kaltetzen dituen beste sektoreei helarazi nahi diete borrokatzeko deia. Kalean bultzatu beharreko mobilizazioez gain, kataluniarrek interesgarri ikusten dute erakundeetako bideak erabiltzea. Haien ustez, aurreko bide biak baliagarriak dira merkantilizazioa geldiarazteko; horregatik, alternatibak ere aurkeztu behar direla nabarmentzen dute. «Gure unibertsitate erreforma propioa sortu, goi hezkuntzako herri-sistema, publikoa, katalana hizkuntzan eta edukietan, ez sexista eta kalitatekoa lortzeko», esan dute etorkizunera begira. -
|