Errepideak gainezka
Jon ALTUNA
HIRU
Errepideetako istripuak eta auto-ilarak ia eguneroko albiste bihurtu dira. Gainezka dira errepideak eta edozer gertatuta ere nahaste handia izaten da. Orduak behar izaten dira errepideetan sortutako korapiloak askatzeko. Administrazioak alternatibak bilatu edo garraio publikoa bultzatu baino gehiago, zigorrarekin erantzun ohi du. Zorroztu egingo dira berriro arauak eta uztailetik aurrera sistema berria jarriko da martxan: puntuka gal daiteke gidabaimena, eta kartzela-zigorra ezarri, azkarregi edo edanda gidatzeagatik.
Errepideetan gero eta auto eta kamioi gehiago da, eta, beraz, istripuak ere ugaritu egin dira. Askotan garraiolariak izan dira zoritxarra izan dutenak, eta kontuan izan, garraiolariak direla bideetako segurtasuna aldarrikatzen lehenak: egunero heldu behar diote bolanteari, errepidean lana egiten dute eta zoritxarren bat izateko arrisku handiagoa dute. Beraz, kontu gehiena profesionalek dute. Istripua eurek izan arren, gerta daiteke auto baten abiadura edo maniobra arraroren baten ondorio izatea.
Hala ere, gero, istripuak gertatzen direnean, ez da inor euretaz gogoratzen. Gizarteak eta komunikabideek auto ilarei jartzen diete arreta, eta ez hainbeste larriki zauritu edo agian istripuan hil den garraiolariari. Gainera, Administrazioak ez die lan istripurik aitortzen: ofizialki errepi- de istripuak dira. Istripu kopurua jaisteko hainbat neurri har daitezke. Beharrezkoak edo garrantzitsuak dira, batetik, gidatzean zuhurtasuna, arau eta beste gidariei errespetua, eta bestetik, azpiegituren egoera edota seinale egokiak izatea, baina baita ga- rraio eredu orekatua ere. Hau da, batetik garraio publikoa hobetzen bada, errepideetan ibilgailu gutxiago izango da, eta, bestalde, garraiolarien lan baldintzak onak baldin badira, arrisku txikiagoa izango da denontzat. Enpresek agintarien baimenarekin zamen garraio ugari eta merkea bultzatzen badute ere, segurtasuna eta duintasuna ziurtatzen duen beste eredu bat behar da: zenbat eta lan-baldintza kaskarragoak izan, orduan eta arrisku handiagoa izango baita.
Munduak gero eta txikiagoa dirudi: askotan zamak zentzurik gabe eramaten dira alde batetik bestera edo produktuak urrunetik ekarri, garraioa merkea delako garraiolariak baldintza kaska- rretan lan egitera behartuz. Garraioan nekeak hil egiten du, baita lan-baldintza kaskarrak ere. Garraiolariak gizartearentzat ari dira lanean eta baldintza duinak ziurtatu behar zaizkie, hau da, egiten duten lanari eta izan dituzten gastuei dagokien bidezko prezioak. Arazoari aurre egiteko, agintariek beti erantzun berbera dute. Arauak zorroztu eta zigorrak ugaritu. Orain azkarregi edota edanda gidatzeagatik kartzela zigorra ezarriko omen dute. Dena den, zigorra eraginkorra izan dadin jokabide okerrak zuzentzeko balio behar du eta kartzelek ez dute horretarako balio. Ez dut uste neurririk egokiena denik, egun kartzelak nolakoak diren eta zein funtzio betetzen duten ikusita. Beraz, arinkeriarik gabe zigor neurri egokia bilatu behar, teknologia erabiltzen ez den bitartean, abiadurari mugak (topea) jartzeko eta gehiegi edan duenak ezin dezan autoa arrankatu.
Abiadura mugarik gainditu ez dadin neurriak hartzea teknologikoki ez da zaila: gero eta auto azkarragoak egin ordez, abiadura jakin bat gainditu ezin duen autoa egitea edo kamioiei bezala autoei ere abiadura mugatzeko aparatuak jartzea. Baina gaur egun, garraiolariak bakarrik dira horrelako neurriak eta arau zorrotzak bete behar dituztenak.
Honela, kamioi handiek aparatu bat daramate derrigorrez 90 kilometro orduko abiadura ez gainditzeko. Gainera, takografoan gorabehera guztiak grabatzen dira: ibilbidea, abiadura, denbora,... Beraz, arau bat hautsi eta denbora askora hor daramate informazio hori kamioian. Zigortuak izateko arrisku handiagoa dute, beraz.
Trafikoko arduradunek zu- hur jokatu behar dute zigorrak erabakitzerakoan. Kontuan izan behar dute, gidabaimena kendu aurretik, garraio- lariak eta errepidean lan egiten duten beste profesionalak direla arauak hausteko arrisku handiena dutenak, egun osoa errepidean pasatzen dutelako. Halaber, aintzat har dezatela zigor bikoitza dela beraientzat, gidabaimenarekin batera irabazpidea ere galtzen dutelako. Heziketa zigorra baino eraginkorragoa izango da, gidariak, txikitatik, gaztetatik, jabetu daitezen errepideetako arriskuaz. -
|