Biztanleriako talderik diskriminatuenak finantzatzeko mikrokredituak
Nafarroako Gobernuak Caja Rural de Navarrarekin «Microcreditos Empleate» izeneko hitzarmena sinatu berri du. Egitasmo berri horrekin, biztanlerian euren enpresa-ideiak abian jartzeko arazo handien dituztenei finantzaketa eman nahi diete, eta horretarako hainbat erakunderen laguntza izango dute. Helburua 35 proiektu bultzatzea da, eta 2007ko ekaina bitarte egongo da indarrean.
Internet bidez ikerketa soziologikoak egiteko enpresa bat sortu nahi duten bi emakume izango dira Nafarroako Gobernuak eta Caja Rural de Navarrak sinatutako hitzarmenari esker mikrokreditu bat eskuratuko duten lehenak. Zehazki, 10.000 euroko mailegua jaso dute, eta 2.000 euroko laguntza zuzena. Egitasmoak “Microcréditos Empléate” du izena, eta helburu nagusia euren enpresa-ideiak martxan jartzeko arazo handien dituzten biztanleriako talderik diskriminatuei finantzaketa ematea da. Juan Maria Ayechu Caja Rural de Navarrako Enpresa Arloko arduradunaren esanetan, kreditu horren eta “arrunten” arteko desberdintasun nagusia bermea da. «Banku-ikuspegi batetik bermea da desberdintasun nagusia. Hau da, kreditu arrunt batean, maileguaren beraren bermea eta pertsonarena berme materialekin osatzen da; titularrak berak edo beste pertsona batzuek emandako patrimonio deitzen dugunarekin, hain zuzen ere. Baina mikrokreditu hauetan bermea pertsona bera da, eta, noski, gauzatu nahi duen egitasmoa. Ondorioz, pertsona egitasmoekin konprometitzeko eskatzen dugu, egitasmoa aurrera ateratzeko lan egiteko eta aholkatzen uzteko. Beraz, pertsonek bermea emango dutela da desberdintasun nagusia».
35 egitasmoren finantzaketa
“Microcréditos Empléate” egitasmoak 2007ko ekainaren 30a arte iraungo du, eta denbora horretan helburua 35 egitasmo diruz laguntzea da; 10, zerbitzuen sektorean; bost, merkataritza sektorean; eta gainerakoak, bestelako jardueretan. Caja Rural de Navarrarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera, hala ere, Nafarroako bestelako erakundeek ere parte hartuko dute proiektuan entitate gauzatzaile moduan. Zehazki, TEDER Elkartea, Industria eta Merkataritzako Nafarroako Ganbera, CEIN, Tafallaldeko Garapen Partzuergoa, EDER Partzuergoa eta Gaztelan Fundazioak. Horiek guztiek Ebaluaketa Batzordea osatzen dute, eta euren egitekoa egitasmoak bideragarriak diren ebaluatzea da. «Pertsona ekintzaileak Ebaluaketa Batzordeari egitasmoa aurkeztu beharko dio. Ondoren, batzordeak horren bideragarritasuna aztertuko du, bai teknikoa, komertziala eta ekonomiko-finantzarioa. Pertsona ekintzaile bakoitzak enpresa-plan bat egin beharko du eta horretarako entitate gauzatzaileetako baten laguntza izango du. Horrekin batera, proiektuan antolatzen dugun Gaitasun Ekintzaileen ikastaroan ere parte hartu beharko du», azaldu du Alizia Ustarrozek, Gaztelan Fundazioko Autoenpleguaren Teknikariak. TEDER Elkartearen Europako egitasmoen koordinatzaile Iratxe Roaren ustez, mikrokre- ditu horiek eskaintzen duten onuren artean bada nabarmendu beharreko bat. «Mikrokreditu hauek funts galdura egindako ekarpenera ere lotuta daude, hau da, Caja Rural de Navarrak jartzen ditu bere entitatearen bitartekoak mikrokredituetarako, baina badago ere bai funts galdura eginiko ekarpena. Ekarpen hori “Empléate” egitasmoa bera da, mailegurako ere ematen dena», adierazi du Roak. Arestian esan bezala, mailegu horiek biztanleriako talderik diskriminatuenen enpresa-ideiak diruz laguntzeko sortu dituzte, eta talde horien lehendabiziko postuan 30 urte gorako emakumeak daude. «Lehenik eta behin, lan merkatura txertatu nahi duten edota murgildutako ekonomian lan egiten duten 30 urte gorako emakumeak finantzatu nahi ditugu. Baita lan egonkorrik gabeko edo mugikortasun arazoak dituzten emakumeak ere. Hala ere, etorkinak, ijitoen taldea, gazteak eta minusbaliatuak ere, segida honetan, aintzat hartuko ditugu», esan du Ustarrozek. Gaztelan Fundazioko Autoenpleguaren Teknikariaren ustez,
enpresa bat sortzea oso prozesu luzea da eta zailtasun handiak ditu; horregatik,
era horretako neurriak hartzea beharrezkoa dela dio. «Egitasmo honekin
finantzaketa modu berriak uztartzen ditugu eta beren kudeaketarako laguntza
teknikoa ere eskaintzen dugu», argitu du Ustarrozek. -
|