GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ATLETISMO 2006-03-26
Asmeron eritrearra, Diego Garciaren zirkuituan nagusi
·Beroa izan zen protagonista eta Margaret Karie nagusitu zen emakumezkoetan

AZPEITIA

Nazioarteko XIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak bere markarik onena erdietsi zuen atzo. Izan ere, 1.133 partaidek hartu baitzuten parte atzoko lasterketan, sekula baino parte-hartzaile gehiagok; iaz baino bederatzi korrikalari gehiagok, hain zuzen.

Meritu bikoitza dauka atzoko errekorrak, zenbait azken orduko galera izan baitzituen; hala nola, Alejandro Gomez, Teresa Pulido, edota omenduetako bat: Alberto Juzdado. Azken hori, ordea, Azkoitian izan zen irteeran, eta lasterketaren amaieran «amorratuta baina pozik» sentitzen zela aitortu zuen, omenaldiagatik hunkituta, baina haserre bezperan izandako zainti- ratu baten erruz parte hartzeke geratu baitzen.

Horrezaz gain, Yared Asmeron eritrearra eta Margaret Karie kenyarra izan ziren nagusi atzoko lasterketetan gizon eta emakumeen mailetan, hurrenez hurren. Ordea, beroa eta hegoaize lehorra izan ziren potagonista atzoko maratoi erdian. Horrek hainbat korrikalari zalek zenbait alditan amaitu izan duten proba bertan behera utzi behar izatera eraman zituen eta, beste aldetik, atleta entzutetsuenak beren markarik onenetik nahiko aparte gertatu ziren. Horiek hala, beste batean hautsi beharko dira Youssuf Songokaren 1.00.56 marka eta Rocio Rios eta Yesenia Centenok erdibana duten 1.09.59 denbora onena.

Bakarrean lasterka

Diego Garciaren omenez minutuko isilunea eginda hasi zen atzoko lasterketa. Gurpildun aulkietako parte-hartzaileek ekin zioten ondoren hogeita bat kilometro pasatxoko bideari, eta, aldiz, lau eta erdiak jotzen ari zirelarik, Azkoitian bildutako korrikalari andanak ekin zion bideari. Ordubeteko bidea aurretik eta faborito gutxi batzuk orain arteko markak hausteko itxaropenarekin.

Lehenengo kilometroetan Iban Hierro «erbiaren» lana ez zen txarra izan, baina zazpi edo zortzi kilometroan, kilometroko hiru minututik beherako erritmoa markatuko ote zuen ustea bertan behera erori zen. Bosgarren kilometroa 14.37 denborarekin markatu zuen aurretik zihoan zazpikoak, Hicham Chatt marokoarra bidean lehertu ostean. Une horietatik aurrera, Iban Hierrok, beroaren eragina ezin eramanda, lasterketa bertan behera utzi zuen eta seiko taldea utzi zuen aurrean.

Erortzen lehena Kamel Ziani oriotarra izan zen, helmugan zortzigarren, eta lehen kilometroetako gehiegizko esfortzua ordaindu zuen. Une horietatik aurrera, lasterketako erritmoa Yared Asmeron eritrearrak eraman zuen, William Todoo Rotich, Matthew Sigei Kipkorir, Wilson Chebet eta Stephen Biwot kenyarrak berarekin zirela. Kenyarrek ez zioten errelebo bakar bat eman Asmeroni. Atzetik, berriz, Margaret Karie bakarkako saio berezi baten sartu zen, ez baitzuen atzo inongo aurkaririk izan.

Probaren erdia 29.22 denboran egin zuen afrikarren taldeak. Bertan nabarmentzen hasia zen kenyarrek gaizki behar zutela Yared Asmeronen aurrean, oso eroso ikusten baitzen lasterka; Biwoti eta Kipkorirri, ordea, sufritzen nabari zitzaien. Beste alde batetik, Karie kenyarra 34.32 denborarekin pasatu zen lan erdietatik, eta Beatriz Ros madrildarra minutu batera zihoan bigarren.

Erritmo aldaketak

Helmugatik lehendabiziko pasatu zirelarik, erritmoak nabarmen behera egin zuen. Kipkorirrek bat egitea lortu zuen aurreko taldearekin, eta Iban Galan espainiarra ere afrikarrengana hurbiltzen hasi zen, azkenean laugarren izan arte. Margaret Karie, Beatriz Ros eta Dolores Pulidok emakumeen podiuma ia ziur zuten. Bitartean, herri atleta askok hamabosgarren kilometroan etsi zuten, haize bero eta lehorrak itota.

Azken kilometroetan, Yared Asmeron kideak lehertuta iritsi zen, 1.03.03 denborarekin, Kipkorir eta Chebet zituela atzetik, hurrenez hurren.



Juzdado: «Diegok merezi zuen gaur jasotako omenaldia»

AZPEITIA

Entrenatzen ari zela estropezu txiki batek zaintiratu bat eragin zion eskuin oineko behatz batean, eta Alberto Juzdadok kanpotik ikusi behar izan zuen lasterketa. «Lelokeria bat izan da, baina kanpoan utzi nau zaintiratu horrek. Amorrua ematen dit; izan ere, nahiko aurrean egoteko esperantza bainuen, nahiz eta onenekin ezin egon».

Diego Garciaren aldeko isilunea eta hari eta Xabin Aranagari egin omenaldiagatik hunkituta azaldu zen madrildarra. «Diegok zinez merezi du gaurko ­atzoko­ omenaldia. Kirol alorrean izan dudan lagunik minena zen Diego, eta mundu honetan ibilitako edonork esango lizuke Diego gizaki ezin hobea zela, zintzoa, noblea», aipatu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Adams anima por carta a Zapatero a aprovechar la ocasión y le ofrece ayuda
Euskal Herria
El día que Euskal Herria tomó la red de redes
Kirolak
El Athletic tumba a un flojo Osasuna
Ekonomia
La industria auxiliar vasca de la Automoción depende de decisiones de las multinacionales
Mundua
«Si las empresas europeas van a Africa, ¿por qué no nosotros a Europa?»
Euskal Herria
«Ahora hace falta una iniciativa permanente por los derechos de Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea