PARIS
Batasuneko ordezkaritza bat Parisen dabil egunotan bertako hainbat eragile politikorekin harremanak garatzen, eta atzo prentsaren aurreko agerraldia egin zuen Estatu frantseseko hiriburuan. Xabi Larralde mahaikideak eta Koldo Gorostiaga Europako parlamentari ohiak hartu zuten hitza, eta, besteren artean, ETAren su-eten iraunkorrak abiatutako egoera berriaren gainean aritu ziren.Alde horretatik, eledun abertzaleek adierazi zuten orain Estatu espainolari eta frantsesari dagokiela «baldintza demokratikoak sortzea Euskal Herrian prozesu bat martxan jarri ahal izateko». Prozesu horren emaitzak bi estatu horiek «Euskal Herriaren erabakia errespetatzea» izan behar duela gaineratu zuten. Salatu zuten, gainera, Juan Mari Olano, Juan Joxe Petrikorena eta Arnaldo Otegi espetxeratzea, eta Estatu espainolak auzi horretan izandako jarrera.
Edonola ere, Parisen egonik, Estatu frantsesari zuzendu zitzaizkion bereziki talde abertzaleko ordezkariak, eta haren erantzukizuna nabarmendu zuten. Izan ere, beren aburuz, Estatu frantsesa «gatazkaren parte denez gero, irtenbidearen parte ere izan beharko du». «Ez da posible Euskal Herrian bakea behin betiko eraikitzea Estatu frantsesa ez bada irtenbidearen parte», adierazi zuten.
Horiek hala, Jacques Chiracen Kabineteari prozesu demokratiko bat izateko baldintzak «errespetatzea» eta «sortzea» dagokiola uste du Batasunak, eta gogora ekarri zuen agintari frantsesek «euskal militante politikoen kontrako jazarpe- nean» parte hartu dutela. Aipatu zituzten, hitz horien karietara, euroaginduak eta Jean Francois Lefort Askatasuneko kidearen auzia.
Bide berean, euskal preso politikoak prozesuan «ezinbesteko mintzaideak» direla adierazi zuten Larraldek eta Gorostiagak, eta prozesuan parte har dezaten Euskal Herrira hurbildu ditzatela galdegin zuten.
«Parisek badaki»
Bi ordezkari independentistek, dena den, bereziki nabarmendu zuten agintari frantsesek «Euskal Herriaren hitza errepestatu» beharko dutela.«Espainiaren arazoa denaren adierazpen ofizialetatik harago, Parisek badaki prozesuaren parte izan beharko duela», adierazi zuten. Estatu frantsesak gatazkan duen «parte-hartze politikoa» oroitarazi zuten, eta «bere menpe dagoen Euskal Herriaren zatia erabat ukatzen» duela salatu zuten. Hain zuzen, euskal herritarrek erabakiko duten Ipar Euskal Herriaren izaerari «bide eman» behar zaiola uste du Batasunak.
Prozesuari dagokionez, hurrengo urratsa alderdien mahaia osatzeak izan behar duela azaldu zuten, eta gogorarazi zuten abertzaleak ez diren Ipar Euskal Herriko alderdiek ere mahai horretan parte hartzeko aukera dutela.
«Euskal Herriari begira jarraitu zuten, mahaian Ipar Euskal Herriarentzat status politiko bat hitzartu behar izango da, eta bi baldintza bete behar ditu: oinarrizko eskubideen errespetua, eta hiru probintziak garatzeko beharrezkoak izanen diren bitartekoak, eskumenak, beste euskal lurraldeekin harremanak bideratzeko posibilitateak eskainiko dituztenak». Gaineratu zuten hitzartuko duten status hori euskal herritarrek onartu beharko dutela kontsulta baten bitartez.