Eskaerei jaramon egin ostean baraualdia utzi dute Zubizarreta, Altuna eta Goitiak
Haimar Altuna, Urtzi Zubizarreta eta Oier Goitia Meauxen dituztenek atzo utzi zuten gose-greba bisiten gaineko eskaerak onartu dizkietelako. Goitia Fresnesera eraman zuten protestaren eraginez. Bestetik, presoekiko elkartasunik ez da faltako egunotan. Urola Kostako ekimena eta Iruñeko erakusketa, adibide bi.
BILBO Bisiten inguruan egindako eskaerak onartu dizkietenez gero, hilean hiru bisita bikoitz izango dituzte bi ostiraletan eta bat larunbatetan aurrerantzean Haimar Altunak, Oier Goitiak eta Urtzi Zubizarretak. Meauxen dituzte hirurak preso, eta eskaerak aintzat har zitzaten gose-greban izan dira.Askatasunak aipatu zuenez, hiru euskal presoek martxoaren 20an abiatu zuten protesta dagozkien hainbat eskubide eskatzeko. Izan ere, aspalditik zituzten komunikazioari dagozkion arazoak, eta horregatik eskatzen zuten bi bisita bikoitz izatea hilero. Gose-greba atzo utzi zuten azkenik. Baina, hainbeste eguneko baraualdiak eraginda, Oier Goitia Fresneseko ospitalera eraman zuten bezperan. Dirudienez, analisi edo probetan zerbait aurkitu zioten, eta espetxeko medikuak erietxera eramatea erabaki zuen. Bestalde, Puerto IIn dituzten preso politikoek igorritako gutun baten berri ere eman zuen Askatasunak. Euskal Herrian sumatzen dutenaren kontra, bertan «gauzak oso bestelakoak» direla salatu dute. Bakartze moduluetan dituzte, eta asteartean bertako «txakur urdinek eraso» zietela aipatu dute. Unai Bilbaori eraso zioten, eta presoek ez omen dakite zergatik. Istiluak sortu ziren patioan, eta irainak, oihuak eta mehatxuak egin zizkieten kartzela- riek. 24 orduz eduki zuten hura bakartuta, eta elkartasuna adierazteko baraualdia egiten hasi ziren gainerako euskaldunak. Prozesu eta egoera berriak kartzelari ugarirengan sortutako «ezinegona» salatu dute. Euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko, bestetik, Urola Kostan gaur Pausoz Pauso ekimena izango da. 10.00etan abiatuko da Zarauzko Musika Plazatik, eta lekukoa elkarri pasatuta, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitian barna ibiliko da iluntzera arte. Bi urtean behin egiten dute elkartasun ekimen hori eskualdean. Iruñean, aldiz, Arrano Elkartean inauguratu zuten atzo presoek eta senideek egindako artelanen erakusketa. Artista e- zagunen lanak ere badaude, eta hitzordurako bertsolarien jardunik ere izan zen aukeran. Asteburuan erakusketa izango da herritarrentzat. Ekimena herriz herri hedatzea pentsatua dute. Atzo, presoen aldeko mobilizazio gehiago ere izan zen, hala nola, Gasteizen (525 lagun), Iruñean 520, Bilboko Santutxun 300 eta Sabin Etxean 115, Donostian 260, Galdakaon 72, Berriozarren 75, Lezon eta Etxarri-Aranatzen 60, Tafallan 56, Bergaran 52, Deban 50, Lizarran 55, Zizurren 45, Zizur Nagusian 40, Barañainen 37, Antzuolan eta Getarian 35, Ugaon eta Diman 30, Abusun 24, Usansolon, Beran eta Donostiako Amaran 20, Mundakan 18, eta Gatikan 15.
|