Euskal kantutegia eta jazz doinuak elkartuko dituzte Xiru jaialdian
Kulturen arteko harreman eta loturak aipatu nahian, Xiru jaialdiak sorkuntza eta artisten arteko topaketa ugari azalduko ditu asteburu osoan. Horien artean, gaur, arratseko bederatzietan, Mixel Etxekopar, Beñat Achiary eta Ronny Lynn Patterson piano jotzaile estatubatuarra elkartuko ditu jazza eta euskal kantuak biltzen dituen emanaldi bakarrean.
GOTAINE
Atzo gauean abiatu zen Xiru jaialdiaren 17. edizioa Bildozen. «Kulturen arteko harremanak» da aurtengo jaialdiaren gai nagusia; hala, herritarrekin landuriko “Kulturen plaza 64 130” antzerkia, musika, sua eta kantua elkartzen dituen ikusgarria eman zuten. Kulturen arteko trukea gaur eta bihar ere aipagai izanen da Gotainen. Eta, eskainiak izanen diren emanaldien artean, Mixel Etxekoparek Ronny Lynn Patterson piano jotzaileak eta BeñatAchiaryk osaturiko hirukotea nabarmendu zuten.Ronny Lynn Patterson 1958an sortu zen Ameriketako Estatu Batuetako Kansas herrian. Mississippi eremuan eta Estatu espainolean bizi ondoren, duela hamar urte Parisen jarri zen bizitzen. Besteren artean Serge Rachmaninov, Aldo Romano, Henri Texier, Charles Lloyd eta Jeff Boudreaux jazz musikariekin aritu ondoren, egun, Ronny Lynn Patterson pianoarekin bakarka agertzen da nagusiki. Hala eta guztiz ere, azken urteotan Beñat Achiaryrekin hirukote lana abiatu du. Hala, Xiru jaialdia kari, hirukote hori osatzeko gomita egin diote Mixel Etxekopar musikariari.
Utürzabala III Jaialdiarentzat elkartuak, hirurek euskal kantuak jazz doinuen bidez azalduko dituzte. «Dagoeneko behin-behineko elkarlan bat abiatu dugu.Ez dugu elkarrekin aritzen jarraitzeko asmorik», azaldu zuten musikariek. BeñatAchiary eta Ronny Lynn Patterson askotan aritu dira elkarrekin. Duela urte batzuk elkarren artean egindako lana entzuteko aukera eman zuten Itsasuko Errobiko jaialdian. Asteazkenean gaur arratsaldeko bederatzietan eskainiko duten emanaldia lantzen aritu zirenBaionako kontserbatorioan. Hirukotearen kontzertuarekin batera, Xiru jaialdiak beste hitzordu ugari finkatu ditu astebururako. Horien artean, bihar egun osoan Ütürzabala deituriko ibilaldia izanen da. bertan,Uztaro elkarteak landuriko obra ikusteko parada emanen dute.
|