Mendigurenen azkena, «Arima enkoniatuak»
·Lau ipuin «lotsagabe eta inpudiko» plazaratu ditu idazle beasaindarrak
Ipuin luzearen eta nobela laburraren arteko lau kontakizun biltzen ditu Xabier Mendiguren Elizegik idatzi eta Elkarrek argitaratu duen liburu berriak. «Arima enkoniatuak» du izenburua, eta azala ere izenburu bera bezain deigarria da. Ez gaizki pentsatu, ordea; edo, beharbada, bai. Izan ere, kontakizunok «lotsagabeak» eta «inpudikoak» ere badirela esan zuen atzo egileak berak.
DONOSTIA
Ikasle batez maitemindu den irakaslearena, hiru lagunen arteko triangelu ezinezkoari buruzkoa, sexu-arrakastaren inbidia egoera politikoarekin kora- pilatzen duen istorioa eta bi emakume helduk gaztetako abentura zoroenak elkarri kontatzen dizkiotena. Horra Mendigurenek liburuan bildu dituen lau kontakizunak. Oso teknika desberdinekin baina egoera animiko bertsuan idatziak dira, hots, beasaindarra enkoniatua zegoela. «Gaizki pentsatzen hasi baino lehen ohartarazi zuen atzo aurkezlearenak egin zituen Susana Mujika kazetariak, hiztegira jo, eta enkoniadura benetan existitzen den hitza dela ikusiko duzue. Hiru adiera ditu: tristura, ezinikusia edo gorrotoa eta idorreria». Izan ere, liburuko kontakizunetan badira arima malenkoniatsuak, badira haserre dauden arimak eta, azkenik, badira ere bai nahian eta ezinean dauden arimak, «alegia, idorreria», metafora gisa bederen.
Hiztegian agertzen ez bada ere, enkoniatu hitzak, «era matxista batean erabilita», laugarren adiera ere izan dezakeela onartu zuen Mujikak. Eta liburuaren azalak Leopoldo Ferranen marrazki batean oinarrituta dagoenak adiera hori ere kontuan hartzera, behintzat, bultzatzen du, dudarik gabe. Hori dela-eta, nolabaiteko lotsa aitortu zuen Mendigurenek. «Ezin kexarik egin, liburuaren izenburua eta azala neronek aukeratu ditudalako, baina lotsatia naiz. Ipuinak, aldiz, oso lotsagabeak dira, neure barrutik beste norbait atera izan balitz bezala. Inpudikoak direla ere esango nuke. Izan ere, sentimenduak agertzeak eta gorputza erakusteak lotsa eman diezagukete, eta liburu honetan pertsonaiak biluztu egiten dira. Batzuetan fisikoki, baina arimaz, ia beti. Beraz, liburuan badago lotsagabekeria».
Mendigurenek zirriborratzen dituen harreman guztiak «oso muturrekoak» direla nabarmendu zuen Mujikak, eta idazleak onartu egin zuen. «Liburuaz ari zela, nire lagun batek esan zuen Mendigurenek bi izen-lagun aipatu zituen: samurra eta gordina. Eta, bai, bi mutur horietan ibili naiz».
Orain arte idatzi dituen liburuekin eta beharbada bereziki iaz plazaratu zuen “Bihotz gosetien kluba”rekin alderatuta (hura ere sentimentuetan-eta oinarritutako ipuin bilduma zen), atzo aurkeztutakoan ironia eta zinismo gutxiago erabili ditu Mendigurenek. Badira umore kutsuko pasarteak, baina, oro har, erregistroa «serioagoa da, sentimentalagoa, erromantikoagoa» Mendigurenek esan zuenez. «Lagun batek esaten zidan nire alderdi femeninoa atera ote zaidan. Ez dakit horrela den, baina, bai, beste inoiz egin dudan bezala, emakumeen psikologian sartzen saiatu naiz», aitortu zuen.
|