Prekarietatearen aurkako ekintza egin du LABek
·Nafarroako Enplegu Zerbitzura sartu ziren hainbat ordezkari «kalitate txarreko» enplegua salatzeko
IRUÑEA
LABeko 50 bat ordezkarik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan protestaldia egin zuten atzo, erakunde horrek sortzen duen «kalitate txarreko enplegua» salatu asmoz. Sindikatuko kideak lehenengo Enplegu Zerbitzuaren bulegoetara sartu ziren “Prekarietatearen kontra” zioen pankarta batekin, eta txistuak jo zituzten. Bestelako mezuak ere izan zituzten lagun; “Langileok borrokan prekarietatearen kontra”, kasu. Ondoren, eraikinaren kanpoan elkarretaratu ziren.
LABeko Nafarroako Koordinatzaile Santos Indakoetxeak argitutakoaren arabera, II. Enplegu Planak ez zituen helburuak bete eta ondorengoak ere, hau da, 2005-2007 urteetarako egindako III. Enplegu Planak, aurrekoan izandako hutsuneak aztertu ordez, «orokortasunak» biltzen zituen bete ez diren helburuak justifikatzeko. Horrekin guztiarekin batera, Indakoetxeak azaldu zuen Nafarroako langabezia %6koa dela; gazteak eta emakumeak dira kaltetuenak. Iaz izandako lan istripu eta heriotza guztiak ere gogora ekarri zituen LABeko kideak. CENri, UGT-CCOOri eta Nafarroako Gobernuari egotzi zien errua.
|