- N1
Avironek hiru puntuak behar ditu
BAIONA
Avironek azken jardunaldietako lelo bera izango du gaur 19.30ean Didier Deschamps zelaian Raon L’Etape taldearen aurka jokatuko duen norgehiagokan: irabaztea.
Zuri-urdinak ez daude jaitsierako postuetan, baina gaur ez badute irabazten, berriro ere hor sartzeko aukera handia izango dute. Joan den larunbatean Libournen galdu zuten, baina egindako jokoarengatik, ez zuten horrelakorik merezi izan. Azkenean, ordea, bukaeran egindako jokoa ez da kontuan hartzen, sartutako eta hartutako golak baizik. Lapurtarrek bat jaso zuten eta bat bera ere sartu ez, beraz, esku hutsik itzuli behar izan zuten Lapurdiko hiriburura.
Gaur Baionan bisitari izango den taldea sailkapeneko erdialdean dago, baina ez dago arriskutik kanpo. Gaur Avironek irabaziko balu, bi puntura jarriko litzaizkieke, eta zuri-urdinek partida bat gutxiago dute jokatuta, etxean jokatu beharreko bat bai baitute atzeratuta. Hura irabazita, zuri-urdinak aurretik jarriko lirateke. Beraz, gaur berriro ere kontrario zuzen baten aurka arituko direla esan daiteke. Jokalariei dagokienez, Lalane, Louit eta Estradek jokatu ezinik jarraituko dute, eta gaur Pardeilhan ere ez da arituko, joan den larunbatean Libournen min hartu baitzuen. Ohikoak diren gainerako jokalariak Olazkoaga eta Strelzack entrenatzaileen aginduetara egongo dira gaur ilunabarreko neurketarako.
Litekeena da hau izatea hamaikakoa: Ruffier, Lestage, Talmont, Sergent, Laporte, Choplain, Chakir, Bidegain, Sautie, Vareilles eta Ech Chergui. Hori baieztatzen bada, Bouet, Foconier, Vaz, Ipharragerre eta Degoul aulkian geratuko dira.
|