- Top 14
Avironek oso partida gaiztoa dauka
BAIONA
Avironek irteera zaila izango du, Perpinyaren zelaian jokatuko baitu gaur 18.30etik aurrera. Kataluniarrak estreinako lauretan Liga amaitzeko helburuarekin dabiltza, eta euskaldunak, berriz, mailari eusteko asmotan.
Egia esan, Aviron etxetik at oso gaizki dabil. Egia da Tolosan irabazita sekulako ezustea eman zuela, baina, gainerantzean, Jean Dauguer zelaitik at puntuak batzea asko kostatzen zaio.
Perpinyarentzat, berriz, gaur ez irabaztea deskalabru handia litzateke, eta atzera urrats handia emango luke, lehen fasea goiko muturrean amaitzeko ezinbestekoa baita beheko postuetan dabiltzan taldeak mendean hartzea, batez ere etxean.
Avirongo entrenatzaileek ere garbi ikusten dute gaurkoa oso partida gaitza izango dela, eta helburua hemendik eta Liga amaitu bitarte etxeko partidak irabaztea izango da, kanpoan oso neurketa zailak baitituzte. Guztira, ohikoak diren zazpi jokalari utziko ditu etxean Avirongo entrenatzaileak. Massabeau, Lhande, Fraser, Cleda, Coetzee, Gratchev eta Lamour ez dira Perpinyan izango. Bestetik, Noutary, Fromont, Davies, Garcia, Hall, Van Schalkwyk, Combes eta McLaren berriro ere deialdian izango dira.
Perpinyaren aldetik, Hines, Robertson eta Laharrague ez dira izango deialdian, zenbait arazo dituztelako, eta Goutta, Bartolousdo eta Naulu berriro ere deialdira itzuliko dira zituzten lesioak erabat gainditu ostean.
|