Biarritzek berriro ere Ligan jarri beharko du burua
·Lapurtarrek Tolosa hartuko dute, eta norgehiagoka Akizen jokatuko da
BAIONA
Biarritzek, Ligako txapeldunak, Tolosa, Europako txapelduna, hartuko du gaur Akizen 15.10etik aurrera. Partida Landesetan jokatuko da, Agileran sartzeko baino sarrera eskari handiagoa dagoelako. Biarrizko zelaia berritzen ari dira, eta ez da jende kopuru handiegia sartzen. Horregatik egin zuten bertara joateko hautua.
Zergatik Akizen eta ez Donostian, pasa den astean bezala? pentsatuko du batek baino gehiagok. Horrek arrazoi bakarra dauka. Frantziako Federazioak estatu horretatik kanpo bertako Ligako partidarik jokatzen ez duelako uzten. Horixe da arrazoi bakarra. Litekeena da, gainera, Akizen jokatzen duten partida bakarra ez izatea; izan ere, Avironen aurka ere bertan jokatuko baitute seguruenik.
Goi mailako neurketa izango da gaur Akizen. Biarritz indarrez gainezka dator pasa den astean Europako Kopako finalerdiak eskuratu ostean, eta, Tolosa, berriz, minduta, ezin izango baitie aurten eutsi iaz lortutako Europako txapelketari, pasa den astean kanpoan geratu baitziren.
Beraz, Liga da tolosarrei geratzen zaien lehiaketa bakarra, eta hori bereganatzeko ahalegin guztia egingo dute. Dena dela, ez da ahaztu behar bi talde horien helburua estreinako lauretan geratzea dela, gero finalerdiak jokatu ahal izateko.
Hala ere, Biarritzek lehen fase hau lehen postuan amaitu nahi du, eta gaur Tolosa mendean hartzeak duten indar hori gehitu egingo die. Horretarako Laguisquetek pasa den astean Anoetan izan zuen talde bera izango du, aldaketa batekin, Lievremont ez baita hamabostekoan izango, min hartu zuelako Donostian, eta Dusatoir izango da bere lekuan. Harinordoki ere kolpatuta atera zen Gipuzkoako hiriburutik, eta bere parte hartzea zalantzan dago. Jokatuko ez balu, Carizza argentinarrak hartuko luke haren lekua. Tolosari dagokionean, Poitrenaud baja izango da, eta Dubois, Michalak eta Brennan zalantza dira. Frantziako Canal+ telebista kateak emango du partida.
|