- Urrezko harri-jasotzaileak
Sei bikote neurtuko dira bi multzotan
DONOSTIA
Urrezko harri-jasotzaileen lehiaketa ere abiatzeko prest dago. Hilaren 28an jokatuko dute lehenengo ekinaldia Lazkaon, eta bertan izango dira aurrez aurre Irigoien-Izeta IV.a eta Ostolatza-Barinaga.
Guztira sei bikote neurtuko dira, bi multzotan banatuta. Gero, bakoitzetik estreinako biak sailkatuko dira. Ondoren, finalerdietan gurutzatuko dira. A multzoko estreinakoa B multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da, eta A multzoko bigarrena B multzoko lehenengoaren aurka arituko da. Bi irabazleek finala jokatuko dute Azpeitian, eta data hori oraindik zehazteko dago.
Lehiaketa horretan parte hartuko duten kirolariak honako hauek dira: Irigoien-Izeta IV.a, Ostolatza-Barinaga eta Landarbide-Izeta II.a arituko dira A multzoan. B multzoan, berriz, honako hauek izango dira: Saralegi-Perurena I.a, Urpe-Zelailuze eta Goenatxo II.a-Izeta III.a.
Biko bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, 100 kiloko zilindro kopa izango dute, eta hor bakarka aritu beharko dute, bi minutuko txanda bakar batean. Gero, bi minutuko txandan, eta bakarka, 200 kiloko errektangularra izango dute lanerako. Hirugarren lana txanda librean izango dute, 113 kiloko kubikoarekin. Azkenik, eta berriro ere txanda librean, 100 kiloko bola erabiliko dute bi minutuko txandan.
Iazkoarekin konparatuta, aurten aldaketa bat izango da.Aurreko urtean, jasoalditara egiten zuten, eta aurten kilorik gehien jasotzen duen bikoak irabaziko du. Parte-hartzaileen artean, aurten ez da bertan izango Zelai, baina bai Perurena I.a. Iñaki, gainera, Saralegirekin arituko da, eta bikorik indartsuenetakoa osatuko dute.
|