DONOSTIA
Bihar eguerdian, 12.30ean hasita, Tolosako zezen-plazan jokatuko dute. Alde batetik, Joxemari Olasagasti izango da, eta, bestetik, Unai Otaño eta Jexuxmari Lasa.
20 kana-erdiko etzanda eta bost 45 ontzako zutik moztu beharko dituzte. Bikoek etzandako enborretan bostetik bostera egingo dute txanda. Hala, bakoitzak hamarna kana-erdiko moztuko ditu; eta zutikakoan, berriz, bikoa txanda librean arituko da. Bikoteak eramango ditu enborrak plazara.
Apustu hori orain dela hilabete zen izatekoa, baina tartean izan ziren Urrezko Aizkora eta Ataunen egindako omenaldiak, eta azkenean hilabete atzeratu beharrean izan ziren.
Azken egun hauetan ikusmin dezente piztu da apustu horren inguruan. Alde batetik, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna izango da, eta, bestetik, bi gazte izango ditu.
Nahiz eta Olasagasti biren aurka arituko den, badirudi dirua bere alde izango dela. Hala ere, aurrez aurre bi lagun izango ditu, eta hori beti izaten da arriskutsua. Horregatik, Igeldoko txapeldunak argi eta garbi utzi du bere asmoa. Zutikako enborretara heldu aurretik apustua erabaki nahi du, bestela, zutikakoan arazoak izan ditzakeelako, gazteak txanda librean arituko baitira, eta hori abantaila handia da.
Bestetik, Otañok eta Lasak horrelako apustuetan Olasagasti baino askoz ere eskarmentu txikiagoa dute, eta hori igeldoarraren aldekoa da. Otañok bigarren apustua izango du. Joan den urtean Xabier Mindegiaren aurka neurtu zen, eta hura aise irabazi zuen. Lasarentzat, ordea, estreinako desafioa izango da. Hala ere, bi aizkolari horiek beren buruengan konfiantza handia dute.
Gainera, Urrezko Aizkoran oso lan ona eginda datoz. Otaño Txapartegik kanporatu zuen; eta Lasa, berriz, Mugertzak, baina azken horrek aurretik senosiain I.a, Erdozia edo Lopez aizkolariak utzi zituen bazterrean, eta horrek indar handia eman die.
Apustua egin zutenean, gazteek zutikako enborrekin zuten kezka, baina ongi moldatu dira lan horretara, eta txanda librean arituko direnez gero, horrek konfiantza ematen die. Helburua etzandako enborretan eustea izango da, azkenean irabazteko aukerekin iritsi ahal izateko. Hori bai, normala den moduan, aurretik erabakitzeko aukera izanez gero, ez dute barkatuko.
Olasagasti da azkeneko urte hauetan apusturik gehien jokatu dituen aizkolaria. Iaz Aizkoran Azurmendi mendean hartu zuen, eta gero, aizkoran eta segan galdu egin zuen Erasunekin. Dena dela, iazko urtea ona izan zen igeldoarrarentzat, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak ere irabazi baitzituen.
Sarrerak 25-30 euro tartean egongo dira salgai, bihar eguerdiko auzia ikusteko.