Abelin Linazisoro - Aktorea eta torturatua
Bernardo Atxagari
Al-Qaedak Madrilen egin zuen atentatuaren garaitik nagok hiri idazteko gogoz. Beti beste baterako laga diat. Baina su-etenari buruz martxoaren 30ean hik egin- dako idatzia izan duk akuilatu nauena erantzuteko. Madrileko atentatuaren erantzule ETA izan zitekeen zalantzarik ere ez zuan egin. ETAk sekula ez duela presentzia sozialik izan eta horrelako perlak botaz. Hire literaturan ETAren presentzia agertu izan duk, nahiz eta hik ez izan erakunde armatuaren inongo ezagutzarik eta, beraz, bai “Gizona bere bakardadean” eta baita “Soinujolearen semea” eleberrian hanka sartzeak egiten dituk: ETA V eta troskistak nahastuz, iheslariak muga pasatzeko arazo bakarra autoa izatea dela jarriz, edo iheslaria bere jaioterrian txikiteoan jarriz, poliziarengandik bere koadrilak babestua, eta abar. Tamalgarria. Hire azken liburuan ere ikaragarrizko perlak botatzen dituk: Euskadi erreala askok amestutakoa baino hobea dela esango nuke edo hizkuntza berreskuratzeko egin den bidea imajina ezina hasiera hartan. Eta torturari abusua deitzen diok. Nahikoa diagu. Idazle batek ezagutzen duen hartaz idazteaz gain, bide berriak edo ezagutzen ez duen zirrikituetatik sartzea beharrezkoa dela denok zekiagu. Arazoa hemen egon daitekek: Idazleak ezagutzen ez duen zirrikitu hura beste milaka lagunek oso ondo ezagutzen dugunean. Hire iritziek eta baieztapenek Euskal Herrian gehien eman dutenen mundua ez duala inolaz ere ezagutzen erakusten ditek. Guk, Franco hil baino 8-10 urte lehenagotik borrokan buru-belarri sartuta geundenok, Franco hil ondoren, eta lehenbiziko etapan bezala, Hego Euskal Herriarentzat autonomia estatutu zabal bat ezinbestekotzat jotzen genian. Eta Euskal Herriaren zati handi batek ere horixe espero zian. Ez al haiz gogoratzen Hego Euskal Herriko herri denetan milaka lagunek osatutako zenbat manifestazio egin ziren? Itxaropena garbia zuan: Lau probintzientzako estatutu zabal bat. Alderdi politikoen mahaia eta espainiar militarren mahaia lotzeko erabili zen abokatuak zioenez, lortzeko nahiko erraza, gainera. Itxaropen hau PNV-ren traizioak zapuztu zian. Traizio hau al da askok amestutako baino hobea den Euskadi erreala? Goazen aurrera: AEK erakundea Francoren garaian sortu zuan eta Franco hil zenerako urte luzeetako bidea egina zian. PNVk boterea hartu zuenean, bereak eta bi egin zitian AEK mapatik ezabatzeko. Lehenbizi HABE sortuz eta gero AEKri diru laguntzak ukatuz edo murriztuz, eta hau gutxi balitz bezala AEK ETAren inguruko bezala kriminalizatu ere egin zian. Hainbeste urtetan euskalduntzen eta alfabetatzen jardundako erakundeak ez al zuen laguntza merezi? Euskararen egoera ez al zen hobea izango AEK eta HABE indartsu batzuekin? Baina hau ez duk dena. Euskara berreskuratzeko planifikaziorik egin al zen? Ezetz esango nikek. Hiru probintzientzat PNVk PSOErekin paktua egin zuelako eta berreskuratze hau plan ahul eta eskas bihurtu zelako. Eta PSEko asko euskararen kontra zeudean, entzun besterik ez zuan Buesaren deklarazioak. Beti euskararen kontra. Eta hori Hezkuntza saileko arduraduna zela. PNVk zergatik ez zuen hartu euskararen aldeko erantzukizuna eta Ertzaintza PSEren eskuetan laga adibidez? Berreskuratze kontua bide onetik joan izan balitz, Euskal Herrian Euskaraz bezalako erakundea sortuko zela iruditzen al zaik? 30 urteko berreskuratze hau zehatza eta zorrotza izan balitz hik uste duk Ertzaintza, maisu-maistrak eta euskal funtzionario asko oraindik orain erdaldunak izango genituzkeela? 30 urteren ondoren oraindik A eta B modeloak egongo liratekeela? Berreskuratze lan hau serioago eta zehatzago izan balitz, ziur nagok beste oilar batek egingo zigula kukurruku. Gaur gaurkoz euskararen erabilera askok uste baino murritzago duk eta euskarak ez zeukak osperik, idazle famatuek zerbait eman diezaiokezue, baina ospea burgesiak, politikoek eta hedabideek ematen ditek eta hortik oso urruti gaudek. Galde egiok PNVri zergatik ETB-2ren bidez ari diren indartzen espainolen hizkuntza eta españolismoa. Baina ez dezagun ahaztu euskara euskaragatik soilik, besterik gabe, ardatz moduan hartzen badugu, jai daukagula. Guk aspaldi ikasi genian lezio hori. Euskara kulturarekin, euskaldunon memoria historikoarekin eta nazioa ideiarekin ez badugu lotzen, zer arrazoi egon daitezke euskaraz hitz egiteko? Hizkuntza ederra delako? Europako zaharrena delako? Gure amonak hitz egiten zuen mintzaira delako? Ez dezagun ahaztu euskara ere Euskal Herriaren kontra erabil daitekeela, adibidea hor zeukaagu Leitzako bertsolari gaztean. España, Una, Grande y Libre euskaraz kantatzen, alajaina! Garai hartan pentsaezina zuan euskara espainiar falangisten ideologiaz jantzi zezaketenik. Ez gaudek hain ondo, lagun. Amaitzeko. Hasieran aipaturiko idatzi horretan ETAk egindako basakeriak baino ez dituk aipatzen eta biktimak ager- tzerakoan ETAk hildakoak eta poliziak hildako ETAko kideak. Besterik ez. Honek guztiak luze eta sakon hitz egitea eskatzen dik, baina leku handirik ez dudanez eta askatasuna oraindik gutxiago, esango diat basakeriak bi aldeetan egon direla eta geure lurralde osoan euskaldun izaten ez uztea ez dela basakeria txikiena. 1960an edo 1961. urtean 300 apaizek idatzi bat egin ziotean Hego Euskal Herriko gotzainei, euskaldunok genozidio baten biktimak ginela azalduz. Pertsona bati bere hizkuntza, bere kultura eta bere historia kentzen badiok, zer bihurtzen da? Hegoaldean espainol eta Iparraldean frantses. Zer ari dira egiten Sanz, Barcina eta konpainia Nafarroan? Zer egin du UPNk azken 35 urte hauetan? Zer ari da egiten Gobernu frantsesa Ipar Euskal Herrian? Eta biktimak? ETAk hildakoez gain, Poliziak hildako ETAko kideak bakarrik al dira biktimak? Eta manifestazioetan hildakoak? Eibarren, Hondarribian, Donostian, Iruñean... Eta komisarietan edo kuartelilloetan bizirik sartu eta hilda ateratakoak? Eta guardia zibilen kontroletan hildakoak? Eta bere etxean tiroz jositakoak? Edo manifestazioetan gehiegi nabarmentzeagatik auto azpian bonba jarri zioten Oreretarra? Edo bere etxeko ezkaratzean buruan tiro batez hildako herritarrak? Lezo, Ondarroa... Eta Triangulo de la Muerte (Tolosa, Andoain, Urnieta) deitu zioten lekuan BVEk hildakoak? Eta ezker abertzaleko izateagatik soilik erailak? Eta espetxeetan behar zuten medikuaren zaintzapearen faltagatik gaixotasun luze baten ondoren hildako presoak? Eta kartzeletako bideetan istripuz hildakoak? Eta torturatuak? Torturatua izan ez denak ez zekik benetan zer den hori. Bakardadea, gorroto bizia diaten piztiez inguratua, orduak eta orduak... Jasan ezinezko oinazea... aurpegia eta burua handituta, potroak ubelduta, oinak eta hankak handituta, kalanbreak... Eta galderak. Eta irainak. Eta garrasiak. Gizonezkoen uzkia pistolaz bortxatua odol dariolaŠ Elektrodoak zakilanŠ Gonbitoz betetako askan burua sarrarazi... Emakumezkoak larru gorririk eskuetatik zintzilik edo hankak irekita lotuta aulki batean... Titiak ukitzen edoŠ zigarroaz erretzen. Motxina ukitzen edo... makila edo pistola batez bortxatzen... Eta oihuak, galderak, mehatxuakŠ Eta kolpeak izterretan, ipurdianŠ Eta lurrean larru gorririk erdi hilda dagoela, presiopeko ur hotzez soin osoa txikitu, ia ito... Torturatua izan dena bizi osorako duk torturatua. Tortura jasaten ari denak hil dezaten nahiago dik tortura ikaragarri haiek jasaten jarraitu baino. Eta errealitate anker hau ezkutatzen ari direnak ETA torturatzailea dela esaten, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea den Miren Azkarate adibidez. Denok poz handia hartu diagu ETAren su-etenarekin, baina habil kontuz, mesedez, hire adie- razpenekin min handia egin dezakek-eta. Badirudi zenbait hedabidek zabaldutako bertsioak soilik jakin dituala orain arte. Hauek ETAk eginiko kalteaz bakarrik hitz egiten baitute. Jar hadi harremanetan Amnistiaren Aldeko Batzordeekin, TATekin, Poliziak hildako herritarren senideekin, presoen familiartekoekin edo independentista izate hu- tsagatik kartzela jasan duen edonorekin. Hedabide gehienek ezkutatzen duten errealitate gordinarekin egingo duk topo. Idazle bezala eta euskaldun bezala jantzi egingo haiz. Hago seguru. Eta... barka ezak nire ausardia, baina idazle ona haizenez iradokizun bat botako diat: Egin hitzak bi bidaia presoen familiartekoekin autobusean. Bat Paris ingurura eta bestea Andaluziara. Girotzeko. Egoeraz jabetzeko. Eta honelako zerbait konta dezakeen nobela idatz dezakek: 16 urtez espetxez espetxe dabilen lagun bati bisita egitetik zetorrek Puerto de Santa Mariatik Euskal Herrirantz abertzale bat. Jaenen senarra 25 urtetan preso daukaten emakume bat sartzen duk autobusean 5 urteko alaba batekin. Amak ozta zekik euskaraz, andaluziarra delako, baina haurra oso berritsua duk. Alaia. Euskara heldu batek bezain ondo erabiltzen duena. Ama-alabak Bizkai aldera zatozak. Abertzalea berriketan hasten duk haurrarekin. Neska txikiak esaten ziok badakiela kantatzen. Abertzaleak kanta polit bat kanta dezala eskatzen ziok. Eta haurra: Laster, laster, laster, haunditzen naizenean, aitatxoren bila joango naiz, izar baten gainean... hasten duk kantatzen. Azken 20 urteetan negarrik egin ez duen abertzale gogortua negarrez hasten duk, eta malko bakoitzean bere bizitzaren zatiak zaudek... Bidean galdutako aita, lagunak, desagertu zitzaion neska hura... -
|