Suganek diskoa kaleratu du Juan Carlos Perezekin
·Beasaingo boskoteak bere aurkezpen lana kaleratu du Elkar zigiluarekin
Maria Amolategik, Garazi Zabaletak, Elixabet Bufandak, Jon Eskisabelek eta Victor Sanchezek osatzen dute Sugan, Elkarren eskutik iritsi zaigun proposamen berria. Beasaingo talde gazteak bere aurkezpen diskoa kaleratu du zigilu horrekin, Juan Carlos Perez musikariarekin lanean jardun ondoren.
BILBO
Hemezortzi eta hogeita lau urte bitarteko gazteek osatzen dute Sugan. Beasaingo Musika Eskolan hezitakoak dira taldekide gehienak eta Euskal HerrikoKantu Txapelketan parte hartu ondoren animatu ziren pop kutsuko kantak idatzi eta jendaurrean abestera.Oraindik gizonezkoen ahotsak dira nagusi euskal musikan. Horregatik bere marka berezia du Suganek, emakumezko batena baita boz nagusia. Maria Amolategi da abeslaria eta Elixabet Bufandak laguntzen dio ahotsekin. Hirugarren neska bat da piano-jotzailea. Garazi Zabaleta du izena eta bereak dira, gainera, musika eta hitzak. Suganen badira, dena den, bi mutil. Victor Sanchez bateria-jotzailea programazioaz eta moldaketez arduratzen da eta Jon Eskisabel, berriz, baxu-jotzailea eta gitarrista da. Dagoeneko errepertorio zabala dute, atzo Bilbon adierazi zutenaren arabera. Aukeraketa egin eta estudioan sartu ziren. JuanCarlos Perezen esperientziaren laguntza izan dute diskoa egiteko. Horiek hala, ekoizle artistikoa izan da bakarlari gipuzkoarra eta primeran moldaru dira berarekin, Suganeko taldekideek adierazi zutenez. Elkarlan horren emaitza hamahiru abesti biltzen dituen CDa izan da. Abesti gehienak euskaraz dira, baina badira izenburu batzuk gaztelaniaz ere. Maitasuna da gehien jorratzen duten gaia, baina ez bakarra.Gizarte kritikari egin diote leku, baita Euskal Herriak bizi duen egoerari ere. Erritmo aldetik, pop-rocketik hurbil dauden abesti batzuk daude eta beste batzuk «lasaiagoak dira», Garazi Zabaletaren hitzetan. Ez dute entzuleria zehatz bat bilatzen. Denetariko musika kontsumitzen dute eta entzuleria ere zabala nahi dute. Larunbatean egin zuten aurkezpena, etxean, Beasainen.
|