Ikusleria zabala erakarri nahi du Hendaiako maiatzeko antzerki jaialdiak
Petit Théâtre de Pain antzerki taldearen «Embedded» izeneko ikusgarria da aurtengo Hendaiako Mai du Théâtre jaialdiko emanaldi nagusia. Maiatzaren 18tik 21a arte herriko zazpi gunetan eskainiko dituzte kale ikusgarriak. Antolatzaileen xedea herri-jaialdia eta publiko zabal bati irekia egitea da. Haurrentzako emanaldiak ere izanen dira.
HENDAIA
Ikusleria zabal bati antzezlan amateurrak eta
profesionalak ikusteko aukera ematea da Hendaiako antzerki jaialdiaren xede
nagusia. Ekimen horri esker, herri osoan ikusgarriak ikusteko aukera egongo da
maiatzaren 18tik 21a arte.
Jaialdiaren ekitaldi nagusiez, izan ere, Hendaiako
Caneta izeneko portuan gozatu ahal izango da. Bertan, bi karpa jarriko dituzte;
jatetxea ere han izango da eta ikuskizunak ikusteko parada ederra izango du nahi
duenak. «Jaialdiaren gune nagusi horretan kanpoko antzerki emanaldiak ikusi ahal
izateko gune bat jarri dugu. Gure helburua bertan jaialdiko ekimen nagusiak
eskaintzea da ikusleei elkartzeko leku bat emanez», argitu zuten antolatzaileek.
Baina, portutik at, herriko auzo guztietan antzerki
emanaldiez gozatu ahalko da lau egunez. «Herriko zazpi gune ezberdinetan izanen
dira emanaldiak», nabarmendu zuten antolatzaileek. Hain zuzen, 22. aldiz
antolatzen duten jaialdi horren hasierako xedea kale antzerkiaren bidez
ikusgarriak herritar guztiei eskaintzea izan da. «Adin guztientzako emanaldiak
izanen dira. Horretarako, ikusgarri gehienak doan jarri ditugu. Horrekin
jaialdiari herri-irudia eman nahi diogu», gehitu zuten.
«Embedded» lana
Orotara, hogeita hamabi ikuskizun izanen dira, eta erdia
baino gehiago urririk. Hendaian lau egunez ikusten ahalko diren ikuskizunen
artetik Jabron Rouge konpainiaren “Super seme”, Théâtre de l’Ephémère taldearen
“Plat de résistance”, Les petits miracles konpainiaren “Les puces savantes”, edo
berrikitan Larresoroko Petit Théâtre de Pain Georges Bigot antzerkilariarekin
sorturiko “Embedded” aipa daitezke. Azken hori larunbatean emanen dute Caneta
portuan 21.30ean hasita. Ikusgarriekin batera, Théâtre des Chimères Baionako
antzerki taldeak lantegiak eskainiko ditu Variétés zinema gelan, eta, egunero,
20.00etatik goiti, musika emanaldiak ere eskainiko dituzte.
|