Munstro asegaitzak beti auzokoa, eta sekula ez norbera, irentsiko duela sinetsita aritzea zein okerra den ikasten ari dira estatubatuarrak. Larrutik ikasi ere, figuratuki, bederen. Berandu(egi) bederen.
Irailaren 11koaren ondotik jende askori, AEBetan, behintzat, bidezkoa ez ezik nahitaezkoa iruditu zitzaion segurtasunaren aldarean askatasunak eta gizalegearen bermeak sakrifikatzea. Batez ere irabaziko zen segurtasuna norberarena eta galtzear izan zitezkeen eskubideak hurkoarenak izango zirela ziurtzat jotzen zen adinean. Baina norbera eta hurkoa bereiz ezinak direla ikasteko sasoia ere heldu zaie. Eta, agian, bidean galdutakoa betiko galdu dutela.
Asaldura galantaz hartu dute estatubatuar askok iragan astean “USA Today” egunkariak jakinarazi ziena: I-11tik hona, NSAk, espioitza elektronikoaz arduratzen den agentzia hipersekretuak, Estatu Batuetan egin diren telefono deien (behintzat hiru operadore nagusien bitartez egindakoenak; beste pare batek uko egin bide baitzion eskariari) datu guztiak jasota dauzkala. Bi bilioi deiren eguna, ordua, iraupena, deitu zenbakia, abiapuntua... Telefono konpainiek berek eduki dezaketena baino askoz biltegi handiagoa osatuz. Betirako, apustu.
Batzuen asaldura, dirudienez, «hori» Estatu Batuetan gertatzetik sortu da. Prozedura bertsuak aspalditik, telefoniaren digitalizazioa izan zenetik agian, pairatzen, eta, partzialki bederen (ikusi besterik ez dago M-11koaren ikerketak argiro erakusten duena) ezagutzen ditugunok, barre pikaroaz har genezake halakoen harridura: zer uste zenuten ba!
Beste batzuek, lastategian orratzak bilatu behar direnean ez dela zentzuzkoa ahalik eta lasto gehien metatzen saiatzea ulertzeko gai direlako-edo, Al Qaedaren pertsekuzioa aitzakia besterik ez delakoan, neurri horren benetako xedeaz kezkatu eta Laugarren Emendakina non geratzen den galdezka hasi dira. Esperientziaren talaiatik eman diezaiekegu argibidetxo bat: datu base hori sekula ez da erabiliko V. Plame nork salatu zuen argitzeko edo kongresukideen ustelkeriak zaintzeko, tresna paregabe litzatekeen arren; aldiz, horrelakoxeak ikertu nahi dituzten kazetariek hobe dute beren telefonoa zakarrontzira bota.
Terabyte-tan neurtu beharrekoa izango da NSAren datu base horren edukiera. Grekozko «teras» (munstro) hitza aurrizkitzat hartu zuenak bazuen zerbaiten errezeloa. -