Orain ehun eta bost urte bezalaxe
Kantu bat irakasle izan dute hainbat eta hainbat haurrek. Hark kontatzen zien 1901. urteko maiatzaren 14an Orioko barraren aurrean balea agertu zela eta herriko hainbat arrantzalek harrapatu zutela, Kantauri Itsasoan ikusitako azkena. Egun hartan bizitakoa berriz ere gogora ekartzeko parada ezin hobea izan zen atzo Orion, Balearen Egunean. Orduantxe bezala egin zuten harrapaketa, baina gezurrezko balea batekin. Akaso, horretantxe xarma.
Kanpai hotsekin hasi zen dena. Hura zen hura zalaparta Orioko Pilliku plazan. Segituan hasi zen jendea galdezka eta kanpaien danbatekoek ezer onik ez zekarrela zioten. «Itsasoak bazekin bai zorigaiztoko berriak ematen», esan zion emakume batek besteari. «Zer ote? Zer ote?», galdetu zioten beste aldean bi gaztek elkarri. Orduan albistea, orduan poza. Aldapan behera zalapartaka zetorren talaiaria han eta hemen builaka: «Balea, balea azaldu da Orioko barraren muturrean».Egonezina bat-bateko poz bilakatu zen. Segituan abiatu ziren portura albiste pozgarriaren berri ematera, tartean bateren batek «gurea al da?» galdetzen zuen bitartean. Portura iristean ere zalaparta ez zen gutxiagorako izan; lasaitasun ederrean sareak konpontzen ari ziren emakumeak ere asaldatu zituen berriak. Ez zegoen aukera galtzerik, berehala abiatu ziren balearen bila bost traineru, bata bestearen atzetik eta palakada anker bakar bat eman gabe. «Hor ziok, hor ziok!», zioten arrantzaleek. «Zuek ababorretik eta gu istriborretik», agindu zuen euretako batek. «Prestatu arpoia eta dinamita», zioen beste batek. Guztiek inguratu zuten balea eta hura hara eta hona asaldatzen zen bitartean lortu zuten harrapatzea, izerdi ederrak bota ostean. Ontziei lotu eta portura abiatu ziren eta, bertan, batu zen jende piloaren poztasun keinuek hartu zituzten.
Jai giroa nagusi
Orain artekoa irakurrita, bateren batek pentsatuko du, ehun eta bost urte atzera egin eta hainbat alditan abestu izan den mila bederatziehun eta lehenengo urteko maiatzaren hamalau hartara salto egin duela, Kantaurin azken balea harrapatu zeneko egunera. Baina hori guztia atzo Orioko herrian ikusi eta entzundakoa baino ez da. Oriotarrek, orain bost urte egin zuten moduan, Balearen Eguna egin zuten, jai giroan egin ere. Asko ziren arrantzalez jantzita jaira batu zirenak eta ugari sarez edota arraunez atondutako balkoiak eta kale bazterrak. Eguraldia lagun, makina bat jende joan zen herrira, baina eguzkiak bultzatu bazituen ere, edari freskoak eta itzalak izan zuen atzo estimu ederra. Eroso ikusi zuten ikuskizuna itzal tartetxoren batean lekua hartu zutenek, baina eroso edota traketsago, gutxik galdu zuten lehenik uretan eta ondoren portuan herri antzerki eder batez gozatzeko aukera. Bertan parte hartu zuten, kale antzerki taldeaz gain, herriko dantza taldeak eta abesbatzek. Badiote euskal baleak barrezka agurtzen zituela arrantzaleak, «balea alaia zen nonbait». Arrantzaleek ez zioten beti modu berean erantzun. Hala ere, atzoko kale antzerkiak zuen ikusgarritasunaren azpian bazegoen gauza hoberik, aparteko ikasgairik. Balearen enkantea bera irudikatu zuten, baina baita berpiztea ere; izan ere, ikuskizunari esperantza zerion, berriz ere euskal balearen irribarrea ikusi eta gozatzeko esperantza, hain justu. -
|