GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-05-15
Gabi Mouesca, bidegabekeriari lepo hezurra makurtzeko prest ez dagoen gizona
Bere bizitzako 44 urteetatik, hamazazpi espetxean eman ditu. Lehen barrutik, eta, orain kanpotik, presondegien injustizia borrokatzen du temati. Espetxeak desagertzea baldin bada ere bere jomuga behinena, OIPko lehendakaritzan izanik Estatu frantseseko espetxeen egoera lotsagarria konpontzen saiatzen da. Idatzi berri duen liburuan bere bizitza kontatzen du, iraganeko pasarte bati ere uko egin gabe.

Beharbada OIP (Observatoire International des Prisons) Presondegietako Nazioarteko Behatokiko lehendakaria delako baina, batez ere, aspaldiko militantea eta herriko seme izateagatik, joan den larunbatean jende andana bertaratu zen Gabi Mouescak idatzi berri duen liburua aurkezteko Baionan egindako mintzaldira.

Zalantzarik gabe, Iparretarrak (IK) erakundeko preso politiko ohiak interesa piztu zuen, lehenik hamazazpi urte espetxean igarota zer konta baduelako, noski, baina baita iraganaz ez duelako inoiz arnegatu ere.

Liburuaren izenburua ­“La nuque raide” (‘‘Burua tente’’)­ irmotasun horren lekuko dugu. Egon den hamaika presondegietako zuzendari batek hari buruz hitz egiterakoan erabiltzen omen zuen esamoldea hautatu du Mouescak bere biografiari izenburua jartzeko. Diane Carronek pausatu galderei erantzunez 240 orri osatu ditu. Familiaren gorabeherak, mutiko zelarik Baigorri utzi eta Baionara bizitzera joan zireneko uneak, ikasketak, lehen lana, lehen kezkak, euskara, lehen konpromisoak, grebak... laborari-etxeko alabaren eta jendarme baten semeak bere bizitzako pasarteak azaltzen ditu galdera horien harira.

Eta, nola ez, ezkutuko militantzia eta bere ondorioak, burkideak, espetxea, 1986ko abenduaren 13an Maddy Heguyrekin batera Paueko espetxetik alde egin zuenekoa, berriro atxilotu izana, urte luzeetako espetxealdia, irteera, herrira itzultzeko debekua, Gurutze Gorrian egindako lana eta gaur egun OIPn egiten duena ere hizpide ditu liburuan.

GALDERA GORDINAK

Horiek denak azaldu ordez eta jendearekin harremanetan jartzeko duen dohainari helduta, sarreratxo laburra egin ostean, Mouescak nahiago izan zuen galderak egiteko aukera eman. Bi orduz ez zuen etenik izan eta, galdera batzuk gordinak eta oso zuzenak izan baziren ere, guzti-guztiak erantzun zituen.

Hala, bere iraganaz zein azterketa egiten zuen galdetu ziotenean, argiki erantzun zuen: «Espetxeko hormak atzera utzi nituen egunean, hamazazpi urte lehenagoko sentimendu, ideia eta konbentzimendu berberak neuzkan. Abertzale izaten jarraitzen dut. Euskal Herriak gainerako herriek dituzten aukera berberak izateko eskubidea du. Hori ukatzeak eraman ninduen (beste kideekin batera) ‘intentsitate txikiko borroka armatua’ egitera. Nire gain hartzen dut hori eta ez diot uko egiten, nahiz eta IK-ko beste ki- deei bezala, nahigabean gertaturiko dramek atsekabetzen nauten».

Liburuaren zati bat IK erakundeari, haren militanteei baita, «era isil eta anonimoan, arriskatzen aritutako laguntzaileei» eskaini diela nabarmendu zuen: «Horiek eta beste askok ere Iparraldeko historiaren zati bat idatzi dute eta nire eta IK-ko gainerako militanteen esker ona dute. Finean, ikastolak aurrera egin dezan lanean dabilena ere besteak bezain militantea baita».

Espetxean pairatutakoaz ere jakin-mina zuen jendeak. Mouesca ez zen batere uzkurtu, eta berak bezala «milaka gizon-emakumek eta ehunka euskal militantek izan duten eta izaten ari diren errealitateaz» xehetasunak eman zituen. Espetxe sistemak «gizakia apurtzea, birrintzea» duela helburu adierazi zuen «barruko» bizimoduaren hainbat adibide ipinita: «Esaterako, preso batentzat bisita oxigeno-baloi bat da, giza duintasuna berreskuratzeko aukera. Badakite handik biziberritua ateratzen dela presoa. Beraz, lehen helburua berriro makurraraztea da. Horregatik bisita ondoren, biluzarazi eta miaketa egiten dute. Ez da egia segurtasunagatik denik, umiliatzea, azpi-gizona zarela sinestaraztea da helburua».

MAITATUA IZATEA

Familiak eta lagunek duten «paregabeko garrantzia» aipatzea ez zuen ahantzi Mouescak: «Presondegian egon naizen denboran maitatzen eta maitatua izaten jarraitu dut. Preso politikoa izan naiz, baina, erakunde eta kideen gainetik, lehen sostengua, oinarrizkoena, familiarena da. Abertzaleok kanpoko sostengua dugu baina maitatua sentitzea ezinbestekoa da egoera jasateko eta zeure bizitzaren jabe zarela sentitzeko».

«Ustez gizon-emaku- meak gizartean txertatzea helburu duen sistema bidegabe zital horren» kontra ari da buru-belarri preso ohia. Espetxean zegoelarik hasia zen OIPrekin la-nean, eta duela lau urte eta erdi, handik atera zenean, elkarlana areagotu egin zen. 2003az geroztik Presondegietako Behatokiko lehendakaria da Mouesca.

Bere «iraganarekin» kargu hori hartzeak zenbait erakunderekin harremanak «zailtzen» dizkiola aitortu zuen, batez ere Justizia eta Espetxe Administrazioarekin: «Gogorra egiten zaie, adibidez espetxeetako zuzendariei, alderantzizko papera izatea. Izan ere, lehen eurek kontrolatzen ninduten eta orain ni joaten naiz haiek kontrolatzera».

Urteak joan eta urteak etorri, OIPk eta antzeko erakundeek Estatu frantseseko espetxeez egiten dituzten azter- ketek «egoera tamalgarri eta lotsagarria » azaltzen dutela eta agintariek ez dituztela haiek ukatzen argitu zuen Mouescak: «Alta, ‘eskubidezko Estatua’ den honetan gehiegikeriak ez dira apenas zigortzen sekulako beldurra dagoelako», adierazi zuen.

PRESOEI HITZA LEHEN ALDIZ

Halere, Frantziako espetxe sistema indarrean dagoen 200 urte hauetan, zerbait «berria eta itxaropentsua» lortu dela nabarmendu zuen preso ohiak: «Lehen aldiz, espetxe baldintzen Egoera Orokorraren Azterketa egingo da eta, lehen aldiz ere, presoek hitza izango dute, funtzionarioek, zuzendariek, abokatuek, epaileek eta arduradun politikoek izango duten bezala. Preso guzti-guztiei (60.000) galdeketa orri bat igorriko zaie eta haien hitza ere kontuan hartuko da». Ondoren egingo den txostena Asanblea Nazionalera eramango dute (urte amaieran gutxi gorabehera) eta datorren ur- tean Errepublikako lehendakaritzarako hautagai guztiei helaraziko zaie proposamenak egin ditzaten.

Ekimen horretan eta beste batzuetan sartuta badabil ere, Gabi Mouescak argi utzi zuen bere «borroka behinena espetxe sistema ezeztatzea» dela: «Aski frogatua dago sistemak ez duela funtzionatzen. Soilik sufrikarioa, umiliazioa eta bazterketa areagotzen duela». Askok sinesten ez badute ere, beretzat «utopia egingarria» da gaur egungo sistema soziala aldatu eta «epaile, polizia eta zaindarien ordez, irakasle, sendagile, artistengan inbertitzen bada».

«Jende arriskutsuaren mamua» ere baztertu behar dela gehitu zuen: «Makina bat adituei galdetu izan diet Frantzian espetxeratuta dauden 60.000 gizon-emakumeen artean, benetan zenbat diren ‘arriskutsuak’ eta beti kopuru bertsua ematen didate: 1.500 edo 2.000. Horregatik, horientzako zerbait berezia pentsatu beharko da baina funtzionatzen ez duen sistema higuingarri honetan 58.000 pertsona mantentzea lotsagarria da», argudiatu zuen.

Hitzok agian ez zituzten bertaratutako guztiak erabat konbentzituko baina buru askotan gogoetaren hazia bota du, hori bai. Eta batek daki, helarazten zuen konbentzimenduak bat baino gehiago kutsatuko zuen, seguru asko. Izan ere, burua tente izateaz gain, Mouescak ideiak argi dituela ere agerian geratu baitzen. -

Maria AIZPURUA
BAIONA



«BAKEA EZ DA SOILIK ESPEZIALISTEN KONTUA»
Aurkezpeneko hainbat unetan, ETAren ekintzen etenaldiaren ondoren Euskal Herriaren historian ireki den orri berria nabarmendu zuen Mouescak: «Pozik eta oso itxaropentsu nago baina orri hori idatzi egin behar dela jabetu behar dugu. Ni irrikan nago, ahal dudan heinean, neure ekarpena egiteko, benetako bakea eraikitzeko. Alabaina, zeregin hori ezin dugu alderdiengan eta politikariengan soilik utzi, bakea ez baita ‘espezialisten’ kontua bakarrik. Guztion konpromisoa eta inplikazioa ezinbestekoa da, azken finean, gizarte eta bizikidetza komuna denon artean eraiki behar dugulako».

Parisen Euskal Herriaz, bertan gertatzen ari denaz eta «gure herriak nahi duenaz dagoen inkultura eta ezjakintasuna harriga- rria» dela gaineratu zuen hainbeste urtetan preso politiko izandakoak:«Asko dago egiteko, eta aukera paregabe honetan inor ezin da bazterrean geratu».

Saioa amaitzerakoan ere, hurbildutako guztiei «bakearen eraikuntzan engaiatzera» deitzeko baliatu zuen Gabi Mouescak azken hitza.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Toda una invitacion a sumergirse
Mundua
Vuelve la Asamblea de Belfast después de casi cuatro ańos de suspensión
Kirolak
Baskonia gana la batalla por la segunda plaza
Kirolak
Bonita victoria, permanencia y adiós al drama
Kirolak
Odriozola, cuarto, brilla en los 50 kilómetros marcha
Kirolak
Basso lider da aurkari guztiak atzean utzita
Euskal Herria
Las reacciones a la entrevista a ETA acaparan los discursos políticos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea