Pog Mo Thon: «Beti izan gara zuzeneko talde bat»
Pog Mo Thon Mungiako taldeak urteak daramatza musikan, metal eta hardcore estiloak lantzen. Aurretik ateratako bi maketa albo batera utzi, eta 2004an «El otro lado» izeneko lan luzea aurkeztu zuen. Orain, «Itzalitako argi bakoitzeko» izenburukoa kaleratu du. Andoainen grabatua eta New Yorken masterizatua, diskoak Babelmusik zigilua inauguratzen du.
BILBO
“El otro lado” lan luzearekin, Pog Mo Thon-ek Euskadi Gazteko XIV. Maketa Lehiaketako Publikoaren saria irabazi zuen. Era berean, Zero Records diskoetxeak taldeko bi abesti aukeratu zituen “Metal Alternativo vol. 2” diskorako. Gainera, taldeak Skun DF eta Kannon-en itzulietan hartu zuen parte, eta kontzertu mordoa eman zuen.Garai horretan hasi ziren pentsatzen orain argitaratu duten diskoan. «Denbora luzea izan da, baina gauzak ondo planteatu ditugu», esan du Beñat Fuentes gitarra-jotzaileak. 2004. urte oparoa pasatuta, konposatze lanetan jardun ziren tinko, eta iaz, kontzertuekin batera, proiektu berria prestatzen hasi ziren. Lokaletik pasatu ziren Rafa Rueda eta Athon Rumbaren bateria-jotzailea ere.
Kontzeptu bakarra
Joan den otsailean, Andoaingo Garate estudioetan sartu ziren, Haritz Hareguyk lagunduta. Masterizazioa, berriz, Alan Douches-ek egin du New Yorkeko West West Side Music estudioetan. «Egungo joera da oso gutxi gastatzea CDan eta asko promozioan. Guk master on bat egin nahi izan dugu, eta nola argitaratu ikusi. Zorionez, Babelmusik gugan interesatu da».Diskoa definitzea ez da batere erraza. «Taldeko guztiek musika ezberdina entzuten dugu, eta diskoa, beraz, horren ispilua da. Nahaste bat da: metal gogorra dauka, baina pop doinuak ere bai», esan du Beñatek. Igor Estankonaren eta Gotzon Barandianen poemekin egin dituzte kanta batzuk. Beste hitz guztiak Markel Etxebarria abeslariaren eta Beñat Fuentes gitarra-jotzailearen artean egin dituzte. «Biok batera idazten ditugu. Guk ez dugu ikusten diskoa kanta bilduma gisa; kontzeptu bakar bat da diskoa. Munduari buruzko ikuspuntu bat da. Hitz bakoitzak gai bati buruz hitz egin dezake, baina dena kontzeptu baten barruan sartzen da. Eta Igor Estankonaren eta Gotzon Barandiaranen hitzak ez doaz aparte». Hemendik aurrera, euren asmoa diskoa defendatzea da, jotzea eta «ikasten jarraitzea». «Gu beti izan gara zuzeneko talde bat. Azken batean, CDa bitartekoa da; kontzertua da garrantzitsuena», esan dute. Ikasleak eta langileak izanik, gero eta zailagoa ikusten dute lana eta musika uztartzea. «Orain arte, musika hobby bat izan da, baina, gura barik, oraingoan gauza serio batean sartu gara. Uda guztian ibiliko gara topera jotzen, talde handiekin batera. Gaitza izango da hemendik aurrera zerbaitetan adostea», aipatu du gitarristak.
|