Iker IRIARTE
Hamaika aldiz eskatu dute
·Euskal eskola publikoaren jaia
Iruñeko Takonera parkeak Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren besteedizio bat hartu zuen atzo; hamaikagarrena, hain zuzen ere. Milaka pertsona bertaratu zen bai goizean baita arratsaldean, haur eta gaztetxoetatik hasita helduetaraino iritsi arte, tartean bat ere ahaztu gabe. Eguraldiak ederki eutsi zion eta euskal eskolapublikoaren aldeko oihua agerian geratu zen beste behin.
Beste urte batez ere, agerian geratu zen atzo, agintari eta erakunde askok hala nahi ez arren, zer-nolako indarra, babesa eta erakargarritasuna dituen euskal eskola publikoak. Ohiturari jarraiki, Iruñeko Takonera parkea izan zen jai nazional horren agertokia atzoko egun osoan, eta milaka lagun izan ziren, goizean nahiz arratsaldean, bertara joan eta ederki gozatzeaz gain, eskubide bat beharko lukeen eskola eredu horren aldarrikapena babestu zutenak. Asko eta askotarikoak izan ziren egun osoan Patxi Larraintzar ikastetxeko ikasle, irakasle, guraso eta langileek antolatu zituzten ekitaldiak: lantegiak, kale animazioak, fanfarreak, pailazoak, bertsolariak, guztien gustuak asetzeko moduko musika emanaldiak, eta abar luze bat. Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaile Kalem Astizen esanetan, eguna primerakoa izan zen, eta, batez ere, arratsaldean izan zen eguraldi onak lagundurik, «helburu guztiak bete dira». Goizean, batez ere, Takonerako lantegien, puzgarrien, pailazoen eta tonbolaren inguruan bildu zen jendea; arratsaldean, aldiz, kontzertuen gunea egon zela gainezka nabarmendu zuen Astizek. Aurtengo arrakasta neurtzeko salgaian oinarritu zen: «Iaz baino salgai gehiago erosi dugu eta gauza asko bukatu egin dira!» Jaiari hasiera ofiziala eman aurretik ere, ehunka lagun bildu zen Errekoleten plazan dantzari gazte bezain dotoreak ikusi eta txalotzeko. Dantza saio alai eta bizi haien amaiera aldera, baina, jende guztia Gipuzkoa etorbidetik zetorren kalejira entzutetsu eta jendetsua ikustera atera zen. Berrehun lagun inguru zetozen, behetik gora, «Euskaraz ikasteko eskubidea» eta «Zer da guk nahi duguna? Euskaraz ikasi!» leloak errepikatuz. Hura ikusirik, txalo artean hartu zituzten kalejiran zetozenak Takonera parkean, eta horiei gehitu zitzaizkien bai ordura arte dantzak ikusten ari ziren guztiak, baita fanfarrea ere. Guztiek elkarrekin, jai esparru osoari eman zioten bira.
Lanean jarraitzeko deia
Horren ostean etorri zen irekiera ofiziala, eta bertan, jai horren, eta, oro har, euskal eskola publikoaren gaineko bost puntu nabarmendu zituen Kontseiluko kide Iñaki Lasak. Lehenik eta behin, euskaldun orok hizkuntz eskubideak bermaturik beharko genituzkeela salatu zuen, eta tamalez, gaur egun ez ez da hori gertatzen; bigarrenik, euskal eskolak ezinbesteko duen euskal curriculumaren aldeko deia zabaldu zuen, eta jarraian, ikastetxeen autonomia handiagoa aldarrikatu zuen «arlo guztietan», bakoitzak nahi eta behar duen eskola eredua hauta dezan. Hurrengo puntuan, Euskal Herri osoan gertatzen ari den «baliabideen zahartze prozesua» aipatu zuen, eta horri irtenbide bat bilatu beharra nabarmendu zuen beste behin ere. Azkenik, bildutako guztiei eskerrak eman ostean, euskal eskola publikoaren aldeko lanean presio soziala eragiten jarraitzeko deia zabaldu zuen lau haizeetara. Hortik aurrera, gaztetxoek batez ere, baina adin guztietako jendeak oro har, jarduera ugariz gozatu ahal izan zuten. Izan ere, era guztietako musika ekitaldiak, kale ikuskizunak, pailazoak, bertsolariak eta beste egon ziren.
Parte-hartzea bultzatzen
Baina zerbait nabarmentzekotan, jaiak parte-hartzea bultzatu zuela nabarmendu behar da guztiaren gainetik. Izan ere, ekitaldirik gehienek jendeak parte hartzea bultzatzen zuten. Horiek hala, egun osoan hainbat lantegi probatu ahal izan zuten gaztetxoek Elorri, Patxi Larraintzar, Mendigoiti eta Antsoaingo ikastetxeek jarritako postuetan: marrazkiak egiteko, irudiak koloreztatzeko, panpinak egiteko, txalaparta jotzen ikasteko, haize errotatxoak sortzeko, kolorezko lazoak eratzeko, eta beste.Oso harrera ona izan zuten, bai goizean eta bai arratsaldean ere, gaztelu puzgarriek. Barañaingo gazteek jarririko rokodromoan ere jende mordoa ibili zen gora eta behera. Batzuk errazago eta besteak nahikoa lanekin, baina azkenerako denek lortzen zuten metro batzuk gora egin, beste guztien gainetik jarri eta azpiko lagun, ezagun eta senitartekoen irribarre eta txaloak eragitea. Errekoleten plazan egindako herri kirol lehiaketako finalistek ere barnean zuten dena eman zuten lehen postua eskuratzen saiatzeko. Batek baino gehiagok, ordea, egin beharrekoa bukatu eta nekearen nekeaz bere burua lurrera bota zuen. Baina, hala ere, jaiegun osoko ekitaldirik jendetsuena, ziur asko, 12.30 inguruan hasi zen Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunen emanaldia izan zen. Bertan, haur, gazte, heldu eta zaharrak ikusteko aukera izan zen, denak elkarrekin eta denak elkarrekin abestuz, honezkero askok ikasiak eta denok entzunak ditugun abestiak. Aurtengo ekitaldian musikari ere leku berezia eskaini nahi izan diote antolatzaileek, bai baitzekiten, jaia ahalik eta jende gehienarengana zabaltzeko bide horretan, musika dela erakargarririk handienetakoa. Horrela bada, urteroko moduan hainbat talde gonbidatuak zituen Sortzen-Ikasbatuaz-ek Takonerako jaira, batzuk aski ezagunak, eta besteak ezagutzera emateko bidean daudenak, festaren hamaikagarren edizio honetako koordinatzaile Mintxo Gardek aste honetan bertan nabarmendu zigunez. Potemkim eta Lor Gipuzkoako taldeak izan ziren Vista Bella jatetxearen ondoan, gainerako ekitaldietatik pixka bat aldenduta zegoen agertokian aritu ziren taldeetako bi. Horiekin batera aritu ziren, arratsaldean, Sei, Banda Batxoki, Sök, Chicarela eta Alberto hasta el amanecer y los del riego taldeak. Goizean, berriz, Tresnak taldeaz gain, aurtengo abestiaren «+ chula kepake» egilea, Punto Crítico eta Hoey and the Mussels aritu ziren. Horiek ere, oro har jai osoak bezala, jende asko erakarri zuten, arratsaldeko saioan, batez ere. -
Iruñerriko ikastetxe publikoen eskaerak, Bai Eskolak Euskalduntzeari!-ren kalejiran
I. I.
IRUÑEA Une honetan, Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpaina azken urratsak egiten ari da eta haren gaineko azterketak egiten ari dira. Badira oraindik ere, ordea, bizi-bizirik eta indar betean dirauten ekimen horren arrastoak. Horietako bat izan zen, atzo goizean, Euskal Eskola Publikoaren jaia hasi aurretik, hainbat eta hainbat lagunek egin zuten kalejira. Izan ere, Sortzen-Ikasbatuaz-ek urtero bultzatzen duen jai horretan ere presente egon baitzen Bai Eskolak Euskalduntzeari!, Iruñeko Errotxapea auzoko Patxi Larraintzar ikastetxean hasi eta jai esparruraino iritsi zen kalejira bat antolatu baitzuen. Eskola hori izan da atzo ospatu zen jai handi eta arrakastatsuaren antolatzailea aurten. Horrez gainera, duela hiru bat urtetik hona, euskal eredu publiko eta kalitatezkoaren aldeko borrokan ari dira, eta, beraz, aukera ezin hobea zen kalejira bat antolatzeko, ikastegia ez baitago jai eremutik urrutiegi. Horrela bada, berrehun bat lagun bildu zen, Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenaren deialdiari erantzunez, 10.45erako ikastetxearen ondoan, protesta kalejira alai batean, festaren erdiguneraino iristeko. Bertan agerian geratu ziren, beste behin, Iruñerrian D eredua eskaintzen duten hainbat ikastetxeri egiten dizkieten murrizketak. Kalejiran bigarren zihoan pankartak lehena ‘Bai Eskolak Euskalduntzeari!’ zen horientzat guztientzat balio zezakeen ‘Geuk geure eskola. Euskal irakaskuntza aurrera. Euskaraz ikasteko eskubidea!’ zioen, baina egon ziren bestelako aldarrikapen zehatzagoak ere: Mendillorriko Elorri ikastetxerako euskarazko 2. gela bat eskatzen zuen pankarta, eta NUPen euskaraz ikasteko eskubideaz gain, bertako errek- tore Pedro Burilloren dimisioa eskatzen zituena, esate baterako.
|