Hirumuga 06 ekimenean, lurraldetasuna aldarrikatu du Batasunak
ARAIA
«Muga guztien gainetik Euskal Herria ezkerretik eraikiz. Independentzia» lelopean, lurraldetasunaren aldeko ekimena egin zuen, atzo, Sakanako, Goierriko eta Arabako Lautadako Batasunak, azkenengo hamaika urteetan bezala. «Horrelako ekimenek lurraldetsunak duen garrantzia nabarmentzea dute helburu, 1978an inposatu nahi izan gintuzten akordio politikoaren porrota gertatu den memento honetan», adierazi zuen Iñaki Olalde mahaikideak.Eguerdian mendian lehenengo ekitaldia egin ostean, bazkaria egin zuten 150 parte-hartzaile inguruk Araian. Ostean egin zuten ekitaldi politikoan, egun lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea dinamika eta eztabaida politikoaren erdigunean daudela gogorarazi zuen Olaldek, eta, testuinguru honetan, Hirumuga 2006 ekimenaren garrantzia berriz aipatu zuen. «Egungo egoerara herritarren lanari eta borrokari esker iritsi gara», nabarmendu zuen. Euskal Herriak gaur egun duen «aukera historikoa» ere gogorarazi zuen Olaldek, eta egoera berri horren parametroak lurraldetasunak eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako esparru demokratikoak izan behar dutela agertu zuen. «Hauxe izango da ezker abertzaleak datozen garaietan martxan jarri behar den alde askotako elkarrizketa horretara eramango duen planteamendua:bi korapilo horiek askatzean oinarritutako esparru demokratikoa osatzea», adierazi zuen. Horiek hala, alderdien mahaia osatzearen garrantzia ere nabarmendu zuen mahaikideak. Azken egunetan izandako eraso errepresiboak «larriak» direla ere adierazi zuen eta, horrekin batera, aukera historiko berria baieztatu zuen. «Aukera horretan bere indar guztia jarriko du ezker abertzaleak prozesu demokratikoa abiatzeko», ziurtatu zuen.
|