Herri Urratsen karietara korsikarrek berri ona ekarri digute. Heldu den irailetik goiti, Korsikan, murgiltze sistemak martxan emanen dituztela. Alegia, Korsikan korsikarrez ikasteko eskolak irekiko dituztela.
Honenbeste gerla eraman ondotik, korsikar kulturaren mundua lanjeran ikusi eta, ahozko transmisioa oso zaila bihurturik, itomena sentiturik, beste tresna batzuk ere pentsatu behar izan dituzte. Han ere inbasio ugari jasan behar izan dute, azkena frantsesena, baina orain arte hizkuntzaren babesa segurtatua zutela uste izan dute. Azken erabaki honek beste neurri batzuetara heldu behar dutela erakusten digute. Telebista eta kultura nagusien eraginaren parean kultur gutituen defentsarako han ere tresna berriak behar dituzte.
Frantziar estatuko hizkuntza gutitu guztiak daude lanjeran, murgiltze sistemaren garapena denentzako indarberritzea bada.
Hamaika gizon eder, beren lurra kantatzen ikastolaren aldeko ekitaldi batean. Presondegitik igorritako kantuak, amodiozkoak, gudarakoak, erbestera joatean idatzitakoak, ihardukitza goraipatzekoak, euskal presoen borrokaren goraipatzekoak. Hamar gizon eder gure ikusmoldea kanpoan ere ulertzen dutela errateko, zapalketaren aurkako lana, elkartasuna balore garaikidea dela gogoratzeko (hauteskundeetako zerrendetan parekotasuna segurtatua al da Korsikan?)
La Réunion-eko hogei bat gazte musikari ikastolan, frantses eskolako ikasleak, babestutako eremuetakoak, erran nahi baitu laguntza bereziak dauzkatenak. Hurbilagotik begiratuta, haiekin mintzatu eta, hogeita zortzi ikasle daude gelaka eta arbasoen hizkuntza, alegia kreolera desagertzen ari da. Hor ere errepublikaren politika, uniformizazioaren politika bada. Etorritako irakasle eta gurasoek interes handia erakutsi dute gure murgiltze sistemaren gainean. Haiek ere maite duten hizkuntzaren babesa nola eraman pentsatzen ari dira. Agian, han ere bertako jendearen kultura babestuko duten eskolak sortuko dituzte.
Hizkuntzen borroka egunerokoa da, zaila baina bakoitzak berea babestean, mintzaira desberdinen babesa sortuko du.
Espiritu berean, argazkilariek Miarritzen antolatutako kanpoko erakustaldia oso adierazgarria dugu. Nazioarteko argazki festibala ireki dute bertako argazkilariei tokirik utzi gabe. Erantzuna, kanpoaldean zintzilikatuak izan diren argazkiak. Arduradunak zioen erakusketa antolatzeko momentuan ez duela argazkilarien sorlekua begiratzen. Artea sustrairik gabeko lana al da? Kultura komertzio bihurtu da, kate batzuetan sartutakoei zaie tokia egiten, herriez, auzoez, nortasun desberdinez kultura elikatzen delarik.
Norberak ezagutzen duena babesten badu, uniformizazioak gerorik ez du. -