GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-05-22
Jose Miguel Campillo Robles - Irakaslea
Kalitatea eta hezkuntzaren degradazioa

Hezkuntzan aspalditik gertatzen ari den merkantilizazio prozesua gero eta kezkagarriagoa da. Osasungintza, pentsio eta beste zerbitzu publikoekin gertatzen ari den moduan, hezkuntzaren arlo errentagarrienak enpresa pribatuen eskuetara pasatzen ari dira, defizitarioak direnak estatuen eskutan utzita. Bide honetan, estatutik jasotzen ditugun zerbitzu publikoak gero eta kalitate kaskarragokoak izango dira, haietariko batzuk erabat desagertu arte. Hezkuntzan inposa- tu nahi dizkiguten aldaketen adibide garbia, unibertsitateari eragiten dion Bolognako prozesua da. Hala ere, hezkuntzaren merkantilizazioak ez dio soilik unibertsitateari eragiten, hezkuntzako arlo guztiei eragiten dien prozesua baita.

Hezkuntzaren merkantilizazioaren oinarrian filosofia aldaketa garrantzitsua dago. Munduko erakunde neoliberalek saldu eta eros daitekeen merkantzia bihurtu nahi dute hezkuntza. Horrela, ikasle eta irakaslearen arteko hartu-emana, hezkuntzaren maila guztietan, harreman komertzial bihurtu nahi dute. Ikuspegi honen arabera, ikastetxeak formazioko produktu batzuk saltzen dituzten enpresak lirateke, eta ikasleak produktu horiek kontsumitzen dituzten bezeroak. Eraldaketa kapitalista hau nagusituz gero, hezkuntzaren orain arteko filosofia hankaz gora jarriko luke. Bezeroaren nahiaren arabera hezkuntzak ez lituzke bere zeregin sozial eta nazionalak beteko. Historian zehar hezkuntzak jokatu duen rol askatzailea bukatu nahi dutela argi dago. Izan ere, inposatu nahi diguten hezkuntzaren funtzio nagusia (eta bakarra?) enpresetarako giza kapitala sortzea da, merkatuaren gorabeheren araberakoa. Ezkerreko ikuspegiz aztertuta, ordea, hezkuntzaren funtzioa urrunago doa. Bizitza profesional duin baterako prestakuntza emateaz gain, hezkuntzak askoz orokorragoa (eta garrantzitsuagoa) den bizitza intelektual, estetikoa eta sozial baterako oinarri egokiak bermatu behar ditu.

Kalitate-sistemek paper garrantzitsua betetzen dute prozesu honetan. Jakina denez, hauek sistematizazioa ezartzen dute ikastetxeko arlo guztietan, burokratizazio ikaragarria sortuz. Sistematizazio honek irakaste-prozesuan eragiten du zuzenean. Printzipioz, irakaslea ikasgai baten kurtso osorako diseinua orduz ordu egitera behartuta dago. Irakasleak gaitasunik ez balu edo administrazioak irakasgai horren edukiak zuzenean kontrolatu nahi izango balu, «jakintsu-talde» baten eskutan utziko luke zeregin hau. Diseinu horretan dena zehazten da, klasean azaldu beharreko teoria (gutxi; ikasleek zenbat eta teoria gutxiago jakin, hobe! Lan-tresna gutxiago burua hornitzeko), jarri beharreko adibideak, egin beharreko ariketak, erosi beharreko liburuak,... Diseinu hori ikasturtero jarraitu behar da, inolako malgutasunik gabe. Era horretan, irakaslea robot lana egitera mugaturik dago, inolako autonomiarik gabe. Irakasle-robota ezin da inolaz ere gidoitik urrundu. Are gehiago, ez du zertan ikasgaia menperatu, ikasgaia jorratzeko materiala jasoko du, eta hori «azaltzea» baino ez du egin behar. Noski, egin beharreko ariketen ebazpenak irakaslearen esku daude, badaezpada! Dinamika berri honek ikastetxe-enpresarako abantaila ekonomiko garbia izango du: lan horretarako kualifikazio txikiagoko irakaslea kontrata daiteke, kostuak murriztuz. Zelako pagotxa! Inuzente batek Euskal Herrian horrelakorik ez dela inoiz gertatuko pentsa dezake, baina Euskal Herriko ikastetxe askotan jadanik errealitatea da. Hain eredugarria omen den AEBetako hezkuntzara hurbilduz goaz, bizitzaren gainontzeko arloetan bezala. AEBetako ikastetxeetan aspaldian dabiltza hau egiten, eta emaitzak agerikoak dira. AEBetan hezkuntza- eta ikerkuntza-sistema ondo prestatutako atzerriko ikasleengan oinarritzen da gehienbat.

Burokratek kalitatea gora eta behera daramaten bitartean, hezkuntzaren etengabeko degradazioa gertatzen ari da. Degradazioa maila askotan gertatzen ari da. Horrela, azken urteotan, ikasgeletako giroa nabarmen gaiztotu da, ikasle eta irakasleen arazo psikologikoak ugarituz. Hezkuntzaren degradazioaren ondorioz, ikasleen prestakuntza inoizko txarrena da. Hezkuntzako profesionalek errealitate gordin hau oso gutxitan azaleratzen dute publikoki. Irakurzaletasuna gaixotasun arraro modura tratatzen da, gizartearen eragina areagotuz. Idazmenean ikasleek gaitasun mugatuak dituzte, ama-hizkuntza edozein izanda ere (euskara, espainola edo frantsesa). Hala ere, gure buruak aurrerakoitzat eta modernotzat jotzeko, ikasleak ingelesez aritzera behartzen ditugu txikitatik. Ikasleek, kalkulagailurik gabe, eragiketa matematiko sinpleak egiteko zailtasun handiak dituzte. «Bai, egia da» erantzungo digute, «baina gaur egun beste helburu batzuk bilatzen dira, eta ez soilik edukiak ikastea». Beste trebeziak bilatzen direla esango digute: lan-taldean aritzea, informazioa bilatzea,... Hezkuntzan diskurtso demagogikoa nagusitzen ari da, gurasoak pozik egon daitezen. Gaur egun, pedagogiari itxuraz garrantzi handiagoa ematen zaio edukiei eta edukien zuzentasunari baino. Horrek bere ondorioak ditu. Edukiak menperatzen ez dituen irakasleak zailtasun handiz azal dezake ikasgaia, nahiz eta pedagogiarik onena erabili. Baina pedagogiako aurrerakuntzez asko hitz eginik ere, itxurazko diskurtsoa baino ez da. Gaur egun ikasgeletan aplikatzen dena didaktismo teknokrata besterik ez da. Horrela, irakasleen artean prestakuntza eta motibazioa gero eta baxuagoak dira. Azken finean, irakasleen kezka bakarra beraien soldata eta lan-baldintzak hobetzea besterik ez da; UPVko azken greba begiratzea besterik ez dago.

Kalitate-sistemen politika iruzur ikaragarria da. Hala ere, politikoek, hezkuntza-arduradunek, burokratek eta sindikalista askok sutsuki defendatzen dituzte. Nora eraman nahi dute Euskal Herriko hezkuntza? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Paso importante, aunque insuficiente
Jendartea
Hamaika aldiz eskatu dute
Jendartea
Fallece un montañero tras despeñarse desde 300 metros en el monte Mugarra
Mundua
Montenegro vota por la independencia tras superan el listón del 55% impuesto por la UE
Kirolak
Giggs fulmina a Euskadi a la contra
Kirolak
Fran Vázquez emerge en otra laguna baskonista
Euskal Herria
Zapatero: «Los ciudadanos vascos decidirán su futuro, dentro de las leyes»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea