“Animals” albumaren promozio kontzertu batean 1977an Montrealen Roger Watersek espektadore zalapartatsu bati aurpegira bota zion txistukada,
eta taxugabekeria hark eragindako barne ezinegonagatik taldearen inguruan segurtasun hesi bat eraikitzeko erabakiari buruzko gogoeta kezkatia izan omen zen 1979an argitaratu eta harrezkero Pink Floyd taldearen obra nagusia izan den “The Wall” albumaren sorburua. Askorentzat, gaurdaino behintzat, horixe izan baita “The Wall”: Pink Floyden lanik onena.
Beste askorentzat, ordea, “The Wall”, maiuskulaz, antonomasiaz, batez ere aurrerantzean, Estatu Batuen hegoaldeko muga osoan zehar Bushek eraiki nahi duen zelatari teknologiko eta alanbrezko hesia izango da. Wanli Changcheng, Hamar Mila Li Luzeko Harresi txinatarraren bertsio garaikidea. Kopia hutsa, zuzenago.
Ez dira hutsalak, ezta, Pink Floyden pasadizoarekiko kidetasunak. Bushen hesia ere, bere taldeari jaten ematen diotenengandik babesteko eraikiko baita. Hamaika txistukada jaso dituzten morroi horiek eszenategi nagusitik are urrutiago mantentzeko asmatua. Ezin esperoko dugu, halaz eta guztiz, egitate horrek inolako hausnarketa intelektual edo artistikorik eragingo duenik Etxe Zuriko bandakoengan.
Agian, Etxe Zuriko bandaren kezkak askoz lurtarragoak dira oraintxe bertan. Errepublikar estatubatuarrak erdibitzen ari baitira immigrazioaren auziaren aurrean... duela 160 urte bezalatsu. Orduan, Europa hegoaldetik ugari iristen hasi berriak ziren etorkin katolikoak zituzten hizpide; orain, Amerika Latindarretik iristen ari zaizkienak. WASP eredura moldakaitzak irizten dituzten etorkin multzo handien arazoa, funtsean. Eta orduan bezala orain, eskulan horren behar ekonomiko larria lehenesten duen elite ekonomikoaren eta beti supremazismo zuritik hain hurbil bizi den base elektoralaren arteko kontraesana da errepublikarren etendura eragiten ari dena. Zartadura hori estaltzera dator hesia, beste ezeren gainetik.
Hesiak ez baitira inoiz soluzio ona izan giza migrazioak eta haien ezinbesteko ondorioak eragozteko. Txinatarraren kasu ospetsua zehazki behatzea nahikoa da: Harresi Handiaren zabalkuntza edo berrikuntza bakoitza dinastia baten amaieraren iragarlea izan da. “The Wall” argitara eman eta urte gutxitara, 1985ean, Pink Floyd historikoa desagertu zen legez. Lotsagarriki. Hesien patua da. -