BILBO
San Mames eta Euskal Selekzioa batzen diren
bakoitzean betekada izan ohi da emaitza. Hala dio azken urteetako esperientziak,
eta hala bizi izan dute elastiko zuri-gorri-berdea Katedraleko berdegunean
jantzi izan duten jokalari guztiek. Baina atzo harmailetan ohikoa baino askoz
jende gutxiago bildu zen, eta giroa ere hotz antzekoa nabaritu zen azkenerako.
Espainiako Ligak azken jardunaldietan izandako aldaketa amaiezinek Euskadiren partida baldintzatu dute amaieran, eta 24 ordu baino gutxiagotan bi neurketa jokatu behar izan dituzte futbol zelai berean. Athleticen zaleek San Mames bete egin zuten Bartzelonaren aurkako lehia ikusteko, baina era berean, Galesen aurkakoa bigarren mailan geratu da selekzioaren, antolatzaileen eta jokalarien kalterako.
Hala ere, horrelako norgehiagoka batek hainbat bitxikeria uzten ditu sortzen duen ikusmina gorabehera. Galestik etorritako 400 zale inguru horiek, esaterako, izugarri gozatu zuten eta Euskal Herrian batzuk ikurrina soinean hartuta ere bai asteburu eder bat pasatzeko aitzakia ederra izan dute. Bati baino gehiagori ileak tentetu ere egiten zaizkigu galesek euren ereserkia nola abesten duten ikustean. Inbidia izango da seguruenik.
Horiek alde batera utzita, atzoko egunak beste
bitxikeria bat ere utzi zuen historiarako. Orain artean Gabonetako partida
izaten zuen selekzioak hitzordu bakarra, eta lehen aldiz denboraldi berean bi
norgehiagoka jokatu ditu taldeak. Ea hurrengoan jende gehixeago joaten den
zelaira! -