- Urrezko Aizkora
Nazabal izan da finalerako txartela lortu duen estreinako aizkolaria
·Etxarriko aizkolariak erabat menderatu zuen Miel Mindegia beteranoa
LEITZA
Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin, eta Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela lortu zuen atzo Leitzan, Miel Mindegia menderatuta. Jokatu zituen proba guztietatik bakarra galdu zuen Etxarrikoak.45 ontzako enborra kolpeka moztuz abiatu ziren atzoko saioan, eta Etxarrikoak estreinako garaipena lortu zuen. 32 kolpe nahikoak izan zituen enborra erdibitzeko. Mindegiak, aldiz, hiru gehiago behar izan zituen. Ondorengo lana, kana-erdikoa zutik moztea zen, eta hor Ezkurrakoak aurrea hartu zion. 1.43 izan zen bere denbora, eta hamabi segundo gehiago behar izan zituen faboritoak. Hortik aurrera, Nazabalek ez zuen barkatu, eta gainerako proba guztiak bereganatu zituen. Hirugarren proban, kana-erdikoa moztu behar zuten erlojuz kontra, eta minutu bat eta hiru segundotan bota zuen enborra Florenek. Mindegiak hamaika segundo gehiago behar izan zituen. Gero, bi 45 ontzakori egin behar izan zien aurre. Bata zutik eta bestea etzanda, Nazabal nagusitu zen 2.15eko denbora eginez. 2.41 izan zen Mindegiak egin zuena, eta ia dena erabakita geratu zen. 60 ontzakoarekin, Etxarrikoak zuen aldea gehitu egin zuen. 1.58 izan zen bere denbora, eta 2.27, Mindegiarena. Azkeneko proban, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta garbi zegoen Etxarriko aizkolariari zerbait gertatu ezean, garaipena berea izango zela, eta horrelaxe izan zen. Ordurako alde dezentea zuen alde, eta azkeneko lantegi horretan hori handitu egin zuen. 14 minutu eta 6 segundotan burutu zituen lanak; eta Mindegiak, aldiz, 15 minutu justutan. Denetera, proba guztiak egiten, 21 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Nazabalek; eta 23 minutu eta 30 segundo, berriz, Mindegiak. Beraz, Nazabalek finala jokatzeko txartela lortu zuen, eta datorren igandean jakingo du zeinen aurka jokatuko duen, beste finalerdian Olasagasti eta eta Arrospide neurtuko baitira. Beraz, garbi dagoen gauza bakarra da Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko dema izango dela finalean. Atutxa eta Mugertza 23 urtez azpikoen bi saio Mutrikun jokatu ziren, Olatz auzoan, eta bertan, Mugertza II.a eta Atutxa II.a izan ziren garaile. Atutxa II.a da bizkaitarren itxaropena. Herrialde hori ez da inoiz aizkoran indartsua izan, ez du inoiz Nafarroak eta Gipuzkoak duten ospea izan, baina Atutxa gaztearekin badituzte itxaropenak izateko hainbat arrazoi. Atzo, Xabier Mindegia menderatu zuen; saio guztietan irabazi zion, eta multzoko lehen postua lortzeaz gain, finalean sartu da. Beste saioan, Mugertza II.ak Otaegi menderatu zuen, baina bi aizkolariak finalerdietan ziren lehenagotik ere, eta multzoko lehendabiziko postua zuten jokoan. Finalerdietan, Atutxa II.a Otaegiren aurka neurtuko da, eta Mugertza II.a, berriz, Rekondoren aurka.
|