GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-02
Euskararekin jolas egiteko berrogei prozedura
·Iñaki Arranzek euskal tradizio osoa arakatu du «Hitza azti» egin ahal izateko

Ez da zerrendatze soila izan. Hitz-jokoen atzean dagoen logika eta mekanismoak ulertzen ere saiatu da Iñaki Arranz atzo Donostian aurkeztu zuen «Hitza azti» liburuan. Eta horretarako euskal literatura osoaz gainera, hiztegi, atsotitz bildumak, aldizkari eta egunkariak arakatu behar izan ditu.

DONOSTIA

Badira sorreran duten ideiaren distiragatik miresten ditugun liburuak eta badira egindako lanagatik harritzen gaituztenak ere. Bigarren mota horretakoa da Iñaki Arranzek atzo Donostian aurkeztu zuen “Hitzak azti” liburua, euskal literatura osoa arakatu baitu egileak hitz-jokoen bila. Zein eratako hitz- jokoak? Berrogeitik gora zirela esan zuen Iñaki Arranzek berak: ziklogramak eta totegramak, esapide bikoitzak, esaldi totelak, hitz kateak, aliterazioak, aho korapiloak, permutazioak, inbertsioak eta beste hainbat eta hainbat.

Alberdaniaren saiakera bildumaren 28. da liburua. Argitaletxeko arduradunak, Inazio Mujikak, «solasa» eta «jolasa» hitz beretik datozen susmoa agertu zuen «jolaserako balio ez duten solasak eta hizkuntzak kondenatuta daudelako eta gureak baduelako ahalmena solaserako eta bai jolaserako». Liburuak bildu duen materiala nahitaezkoa dela erantsi zuen hizkuntza jolasaren bidez gureganatzeko eta birsortzeko. «Iñakik ez du almazen bat egin, nahiz eta hortik ere baduen. Tradiziozko testuak arakatu ditu, sailkatu egin ditu eta gonbit bat egin du joko eta jolas berriak egiteko», adierazi zuen Mujikak.

Prozedurak

Frantses Filologian doktorea da Iñaki Arranz, gasteiztarra eta hiri horretako Udalean kultur teknikaria da.

«Asko dira hitzekin jolasteko eskueran ditugun baliabideak: ziklogramak, anagramak, oihartzunak, akrostikoak... Liburuaren aurkibidean begiratu bat botaz gero, erraz ohartuko zarete zenbat prozedura edo teknika dauden. Prozedura horiek identifikatu, izena eta definizioa eman eta adibideak bilatzen saiatu naiz. Baina hori baino gehiago ere izan nahi du liburuak, sailkapena delako eta sailkatzeak gauzak beste era batera ikusteko modua ematen duelako. Hitz-jokoak bereizten ikasten duzu eta hitz-joko hauek azpitik dagoen logika eta mekanismoak hobeto ulertzen laguntzen du. Ez da, beraz, zerrendatze soila», esan zuen.

Sailkapena eta gogoeta tartekatzen dira, ondorioz, liburuan. «Kontu hauetan badago arrisku bat. Askok hitz-jokoak huskeriatzat hartzen dituzte edo gehiegikeriatzat, balio literario aldetik hutsaren hurrengoak, eta liburu honen tesia, tesirik izatekotan, horren kontra doa, hizkuntzaren eremu guztietan baitaude hitz-jokoak, eta horrek hizkuntzaren beraren mekanismoak eta azpiko logika horiek azalarazten ditu eta hizkuntza ulertzeko modua eskaintzen», jarraitu zuen.

Hala ere, egileak aitortu zuen liburuaren oinarrian bilketa-lana dagoela eta erabili duen bibliografiari begiratu bat ematea aski da horretaz jabetzeko.

«Eremu guztietatik hartu ditut adibideak. Etxepareren aipu bat ere sartu dut tartean, eta inprimatu zen lehen liburutik hona literatura liburuak, hiztegiak, atsotitz bildumak arakatu ditut, aldizkarietako denborapasak eta kazetarien testuak arakatu ditut, guztietan agertzen delako hitzekin jolasteko nahi hori», jarraitu zuen.

Etxeparez gainera, Oihenart eta Lazarraga ageri dira gure literaturaren aita pontekoen artean, nahiz eta adibide gehienak azken mendeko idazleenak izan.

Liburuak bitxikeriak ere bildu ditu. Zein da euskaraz dagoen hitzik luzeena? galde dezake batek edo zein da abizenik luzeena? Horrelako bitxikeriei erantzuten ere saiatu da egilea.

Ba ote dago bokal bakar bat hartu eta ipuin bat euskaraz idazterik? Bitxikeria horiek eta beste hainbat aurkituko ditu irakurleak liburuan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La Sección 14 y la Audiencia Nacional
Jendartea
Exigen en la calle el fin de la violencia machista tras las muertes de Barakaldo
Euskal Herria
Rajoy romperá su tregua con Zapatero si hay reunión
Euskal Herria
Dos detenidos por la Gendarmería junto a Burdeos
Euskal Herria
AEK Eguna eraberrituta dator beste behin, bi urteko etenaldiaren ondoren
Ekonomia
Preocupante desaparición de explotaciones agrarias vascas
Ekonomia
Donibane-Ziburuko bolintxeroek portua blokatu zuten
Kirolak
OIaizola II e Irujo, satisfechos con el material
Euskal Herria
Los ocho mahaikides de Batasuna, en libertad tras pasar ante el juez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea