Gipuzkoan eta Bizkaian gaur jokatuko dira eskolarteko txapelketen finalak
DONOSTIA
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan eginak dituzte lurraldeko eskolarteko finalak. Araban datorren asteburuan jokatuko dute. Gipuzkoaren eta Bizkaiaren txanda izango da gaur.
Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatzen duen txapelketaren finalak hogeita hirugarren edizioa izango du. Bilboko Indautxuko El Carmen aretoan jokatuko duten saioan hamalau bertsolari izango dira eta bi txapel, bi mailatan banaturik jokatuko baitute. Hamalau urte artekoetan sei finalista izango dira:Nerea Ibarzabal (Markina), Ane Etxebarria (Mungia), Nagore Beitia (Bermeo), Elene Lejarzegi (Lekeitio), Imanol Uria (Algorta)eta Jone Ansotegi (Markina).
Hamasei urtetik hemezortzira bitartekoetan zortzi izango dira. Honakoak: Itxaso Paia (Algorta), Arrate Illaro (Algorta), Eñaut Urraburu (Abadiño) Enea Pinillos (Elorrio), Miren Amuriza (Berriz), Jone Uria (Algorta), Amia Aurrekoetxea (Zornotza) eta Beñat Romero (Zornotza). Saioa goizeko hamaiketan hasiko da.
Gipuzkoarrek, berriz, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatuko dute finala 16.00etan hasita. Txikien mailan, Errezil, Asteasu, Zumarraga-Urretxuko eta Alegia-Usurbilgo taldeak arituko dira eta handien mailan Hodei Iruretagoiena (Zarautz), Asier Azpiroz (Zubieta), Arnaitz Lasarte (Hernani), Ainhoa Mujika (Beasain), Unai Gaztelumendi (Añorga), Oier Aizpurua (Zarautz), Maialen Velarde (Zumaia)eta Jokin Sudupe (Azkoitia) lehiatuko dira. Andoni Egaña izango da gai-jartzaile eta Kazabon, Gabilondo eta Aizpurua, epaile.
|