Aniztasuna eta laburtasuna, Patxi Iturregiren hirugarren ipuin-liburuan
Patxi Iturregik (Laudio, 1952) bere hirugarren ipuin-liburua aurkeztu zuen atzo. «Dioramak» 66 istorio laburrez osaturiko bilduma da. Ipuin laburrak eta hiperlaburrak gehienak, errealistak eta fantastikoak, psikologikoak eta lirikoak, absurduak eta beldurrezkoak. Izan ere, ipuinek aniztasuna dute ardatz, baina xede integratzailearekin.
BILBO
Hamar urte pasatu dira Patxi Iturregik lehen liburua argitaratu zuenetik. “Haize kontra” ipuin-liburu «mitikoa» bihurtu zen, Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko argitaratzailearen esanetan. Bigarren liburu bat egin zuen orain dela hiru urte, “Behi eroak” izenekoa. Liburu urbanoa eta berezia izan zen hori ere bai.Orain beste ipuin-liburu batekin etorri da, guztiz ezberdina. Bertan, 66 ipuin labur aurkezten ditu. Aurrekoetan bezala, esperimentatzeko gogoa nabarmentzen zaio idazle laudioarrari. «Niretzat beste pauso bat da liburu hau. Dioramak eszena erreal bat irudikatzen duten hiru dimentsioko eraikuntzak dira. Horrekin abisatu nahi diot irakurleari hor irakurtzen ari denak errealitatearen itxura izan dezakeela, baina nik asmatutako artifizioa dela», esan zuen atzo egileak, Bilbon eman zuen prentsaurrekoan. Liburua aniztasunetik abiatzen da. Aniztasuna gaietan, ahotsetan, ikuspegietan eta gertalekuetan. Baina azken xedea «erabat integratzailea da», idazleak ohartarazi zuenez.
Ordenan irakurri
Liburu horretan era guztietako istorioak batzen dira teilape berean, errealistak eta fantastikoak, psikologiak eta lirikoak, absurduak eta beldurrezkoak. Egileak ordenan irakurtzea gomendatzen du, bestela, ipuin batzuen indarra gal daiteke. «Liburu oso bat da, ez istorio potpourri bat. Unitate txikienak egoki antolatuz, egitura bat eman diot. Intentsitate aldaketa dago, halako in crescendo bat zero mailatik hasita liburuaren bukaeraraino. Esan daiteke egituraren bidez suspentse moduko bat sortzen saiatu naizela. Gero eta joko korapilatsuago bat aurkezten dut». Liburu horretan, Patxi Iturregi «errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak lausotzen» saiatu da. Absurdua ere erabili du neurri batean, baita metaliteratura zipriztin batzuk ere. Maitagarrien literaturako elementu batzuk, umorea eta lirismo tanta batzuk ere sartu ditu egileak bilduma horretan.
|