Erraustearen ika-mikan Bidasoaldea ez ahazteko eskatu dio Diputazioari
DONOSTIA
Txingudin eraiki nahi duten errausteko plantaren kudeaketa Mankomunitatearen eskumenekoa izateak kezkatzen dituela ziurtatu du Errausketaren aurkako Medikuen Batzordeak. Honakoa azaldu du: «Donostiako errauskailuaz mintzatzen da azken egunotan, baina komenigarria da herritarrek jakitea Irunen eta Hondarribian errauskailua eraikitzea onartua dagoela, eta onarpen hori herritarren partehartzerik gabe eta proiektuak Diputazioaren zein Arartekoaren gaitzespena jaso ostean». Txingudiko Mankomunitateak orain arte egin duen zaborren kudeaketa eta kontrola «irregulartasunez josia» egon dela salatu du eta, besteren artean, «gehiegi kobratzea», «proiektuetan izandako sekretismoa», «isurketa toxikoak» eta «datuak ezkutatzea» aipatu ditu. Errausteko plantaren kudeaketa ere Mankomunitatearen esku geratzeak «izutu eta kezkatzen» dituela adierazi dute, eta Gipuzkoako Diputazioari Bidasoaldeko herritarrak ez ahazteko eskatu diote. «Herritarrei iruzur egiten ari dira, Mankomunitatea eta bertako politikariak zaborren tratamendua zein izango den erabakitzeko tekniko egokienak direla sinetsarazi nahi digute, eta orain arte, kontrakoa soilik erakutsi dute», ziurtatu dute.
|