GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-02
Oxtikenea, hamar urte elkarlanean
Senpereko kultur elkarte ezagunenak hamar urteak ospatzeko besta eguna antolatu du larunbaterako. Elkartearen muinean den ideiei jarraiki, adin ezberdinetako jendea elkartzeko egitaraua antolatu dute, nahiz eta arrats-partean gazteentzako gaualdia izanen den. Ipar Euskal Herriko kulturaren eta euskalgintzaren erreferentea den elkarte horrek egoitza herriko beste taldeei uzten die.

Senpereko gaztetxearen segida izan zen Oxtikenea elkartea, eta hark aitzindariek baino askoz eremu zabalagoa biltzen du adin guztietako jendeak parte hartzen baitu. Elkartearen izena berez Oxtikenekoak da, Oxtikenea elkartearen egoitza den etxearena baita, eta lege arrazoiengatik biak banandu dituzte. Herri- aren erdialdean dagoen etxea bereganatzea elkarlanaren erakusgarri ederra izan zen.

Elkarlanaren erakusgarri izaten jarraitzen du, gainera; Oxtikenekoak elkarteak herriko beste elkarte eta taldeei uzten baitie egoitza. Azkainen gau eskola ireki zuten arte, euskarazko ikastaroak han ematen zituzten. Artearen aldetik, Hatsa elkarteak Poesiaren Eguna han antolatzen du, eta Ostopekok eskualdeko artisten lanekin urtero erakusketa egiten du. Kulturatik kanpo, Batasunak eta Askatasunak, esaterako, elkartoki moduan baliatzen dute Oxtikenea.

Afera duela hamar urte baino lehen hasi zen, gaztetxeak eta kultur elkarteek jendea biltzeko zailtasunak baitzituzten herriaren kanpoaldean zegoen egoitzaren ingurura erakartzeko. Orduan, herriko plazan den Oxtikenea etxea erostea erabaki zuen herriko zenbait jendek. Etxea erosi ahal izateko eta mailegua eskatu ahal izateko, Higiezinen Elkarte Zibil bat eratu zuten.

Etxea erosteko dirua biltzeko herrian kanpaina bat egin zutela azaldu zuen elkarteko Serge Harizgainek: «Jendea eta sosa biltzeko desmartxak egin genituen eta ehun pertsona inguru elkartu ginen. Pertsona bakoitzak gutxienez 80 euroko parte bat erosi zuen, eta beste batzuek hilabeteko kuota aukeratu zuten».

Gaur egun etxea erosia dago eta duela bost urtetik, diruaren parte bat etxean berritze lanak egiteko baztertzen dute.

ETXEBIZITZATIK ELKARTERA

Familia batena zen etxebizitza, eta elkarte batek antolatzen dituen ekintzak hartzeko egokitu ahal izan arte urteak behar izan dira, baina lanek aurrera segitzen dute. Orain arte lan ederrak egin dituzte; esaterako, bestetan edariak zerbitzatu ahal izateko barra bat egin dute eta pareta batzuk bota dituzte. Lehen bi pisuak berritu dituzte. Baina lanak ez dira horretan geldituko; solairuan kanpoko jendea hartu ahal izateko gela batzuk egin nahi dituzte eta «sukaldea isolatu eta berritu» behar dela aipatu zuen Harizgainek.

Eraikinaren egiturak ahalbidetu izan duen neurrian kultura elkarteak zenbait ekitaldi antolatu du. Senpereko bestetan irekitzen dute, Herri Urrats gauean bezala. Inauterietan ere ekitaldiak antolatzen dituzte eta noizbehinka kontzertuak ere izaten dira. Duela gutxi eskualdeko kantuez osatutako bigarren liburuxka bat argitaratu dute Kantuaren Egunaren kari.

Larunbateko 10. urteurreneko bestan musika izanen da nagusi. Eguerdian, zintzur-bustitzea eta bazkaria Kiki Bordatxorekin; bostetan, Tapia eta Leturiarekin; eta gaualdia Ekintzarekin izanen da. -

SENPERE


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La Sección 14 y la Audiencia Nacional
Jendartea
Exigen en la calle el fin de la violencia machista tras las muertes de Barakaldo
Euskal Herria
Rajoy romperá su tregua con Zapatero si hay reunión
Euskal Herria
Dos detenidos por la Gendarmería junto a Burdeos
Euskal Herria
AEK Eguna eraberrituta dator beste behin, bi urteko etenaldiaren ondoren
Ekonomia
Preocupante desaparición de explotaciones agrarias vascas
Ekonomia
Donibane-Ziburuko bolintxeroek portua blokatu zuten
Kirolak
OIaizola II e Irujo, satisfechos con el material
Euskal Herria
Los ocho mahaikides de Batasuna, en libertad tras pasar ante el juez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea