Amets Txurruka
Garai zailetan ere, bizipoza ematen duten uneak badira
Garai zailak dira txirrindularitza munduarentzat, baina gaur goizean pasatu zaidana ez da diruarekin ordaintzen. Arrigorriagako irteeran berrogei bat neska-mutileko koadrila hurbildu zaigu sinadura eske. Antza, eskolan paper zati berezi batzuk egin dituzte sinadurak ongi ordenatu eta gordetzeko eta gaztetxo haien aurpegietan sekulako ilusioa nabari zen. Nik ez nuen nire bizitzan inoiz horrenbeste autografo segidan egin eta, egia esateko, uste dut niri haiei baino ilusio handiagoa egin didala azkenean. Horrela sortzen da kirolerako benetako afizioa eta horrela bultzatu kirolarienganako benetako errespetua. Hori da txirrindularitza bizirik mantentzen duena. Eskerrak, bene-benetan. Gainerakoan, etxean nabilela nabarmendu. Batek daki gaur igaro ditugun errepideetan zenbat aldiz ibili naizen entrenatzen edota gazteagoa nintzenean lasterketak korritzen. Gaur nire etxetik kilometro eskasera egingo dugu lo, baina noski taldekideekin kontzentratuta egon behar. Profesionalak gara... denerako. -
|