- Top 14ko lehen finalerdia Montpellierren -
Aurreneko aukera galdu ostean, BO bigarrenari so
·Lapurtarrek Europako porrota USAPi irabazi eta finalera sailkatuta ahaztu nahi dute
MONTPELLIER
Aurtengo denboraldian Biarritzek bere titulu gosea asetzeko lain mokadu izango zuela espero zen, baina aurreneko platera Europako Txapelketa, desiratuena ez zen gustukoa izan, eta bigarrena hasteko digestio txarrari aurre egin beharko dio BOk. Top 14ko finalerdietan inoiz izan ez den Biarritz-Perpinya neurketa dugu Montpellierren. Kataluniarrek 1955ean irabazi zuten azken titulua, eta euskaldunen urdaileko arazoa areagotu nahi dute. BOk, ordea, Munsterren aurka Cardiffen jasotako kolpea ahaztu eta, txapeldunek eta euskaldunek irabazi zuten iaz Parisko azken neurketa egin ohi duten bezala, burua altxatu behar du. «Europako finala urteko aurreneko helburua zen. Ihes egin du eta, beno, orain titulua defendatzeko aukera ematen duen beste finalerdia jokatzeko aukera dugu», esan du Thomas Lievremont kataluniarren kapitaina ere izanikoak. Top 14ko aurreneko postua finkatu zuen Narbonaren aurkako norgehiagoka, Cardiffeko porrota eta astebetera, gaurko partida prestatzeko aproposa izan zen. Garaipen argia, bost entsegu alde eta bat ere ez aurka. Baina noski, eta kapitainak gogorarazi zuen bezala, USAPekoen defentsa «Narbonakoena baino hobeto antolatua eta bortitzagoa izango da». Kataluniarrek lanak eman zizkioten Munster berari Heineken Kopan (19-10 galdu zuten final-laurdenetan), eta euskaldunen aurka ere aurten jokatutako bi neurketak galdu badituzte ere (29-8 Aguileran eta 3-17 Aime-Giralen), oraingoan ere borrokarako deia egin dute. Gainera, Montpellierren bilduko diren gehienak kataluniarrak izango dira, 150 kilometro besterik ez baitituzte egin behar. Oraingoan ere, neurketaren gakoetako bat, garrantzitsuena ez bada, BOk erasoan izango dituen mementoak aprobetxatzea izango da. Europan, final-laurdenetan Sale-ren (11-6) eta finalerdietan Bath-en (18-9) aurka irabazi arren, intentsitatea eta imajinazio falta sumatu ziren, eta Munsterrek finalean ez zuen barkatu. Urte bikaina egiten ari da Biarritz, baina Serge Blancoren urdailak titulurik gabeko denboraldia onartuko al du?
Euskaldunak, Yachvili eta Traille gabe; katalanek ez dute Granclaude
GARA
MONTPELLIER Biarritzek Dimitri Yachvili uztartze erdiaren eta Damien Traille erdikoaren hutsuneekin ekin beharko dio neurketari, baina USAPek ere ezin izango du Jean-Philippe Grandclaude erdikoa zelairatu, atzo bi taldeek aditzera eman zutenez. Yachvilik Europako Kopako finalean min hartu zuen eta Narbonaren aurka ez jokatu arren, ez da osatu eta Lagisquetek azaldu duenez, Dupuy arituko da haren ordez. Trailleren hutsunea espero zen. Izan ere, saihetsetako kartilagoa pitzatuta du.
|