Segiren ustez, guztien erantzukizuna da prozesuaren aurkako erasoei aurre egitea
BAIONA
Segi gazte erakundearen us- tean, gatazka politikoaren konponbidean aurrerapausoak ematen ari diren honetan, egunotan izandako erasoek prozesua oztopatzea besterik ez dute bilatzen. Horrenbestez, taldearen esanetan, eraso horiei aurre egitea herritar guztien erantzukizuna da. Herenegun atxilotutako hiru lapurtarren kasuak «Euskal Herriaren eta euskal gazteriaren aurkako Estatu frantsesaren erasoen» azken adibidetzat jarri zituen. «Oso larritzat» jo eta gogorki salatu zituen atxiloketok. Segiren ustez, Parisek «gazteria kolpatzen eta bide errepresiboan temati jarraitzen» duela frogatzen dute.
«Garesti ordaindu»
Euskal gazteriak Euskal Herrian «aske bizi, ikasi eta lan egin» nahi duela gogorarazi zuten, atzo, Baionan bildutako gazteek. Helburu horrekin «borrokatzen» direla nabarmendu zuten, nahiz eta jakin badakiten, «gazte independentista izatea garesti ordainarazten» zaiela. Halere, «borroka jarraitzeko konpromisoa» berretsi zuten, eta estatuek «geldiezina den errealitate hori oztopatzea ez dutela lortuko» gaineratu.«Horretan saiatzen badira, jakin dezatela aurrez aurre izango gaituztela», gehitu zuten. Eraso horiei guztiei «aurre egitearren», «herri presioa» antolatu behar dela adierazi, eta «kalera ateratzeko premia» nabarmendu zuen. Bestetik, asteartean Lapurdin atxilotu zituzten hiru gazteak Parisera eman zituzten atzo 14.30ak aldera. Hendaian 110 lagun elkarretaratu ziren, Ziburun 80 eta Izturitzen 111.
|