Iñaki Altuna
Zapaterok lotu behar ditu etxeko txakurrak
Lerrook idazteko orduan ez zegoen oraindik Auzitegi Nazionaleko berririk. Susmo txarrak, besterik ez, Grande-Marlaskaren erabakiaren zain. Epailearen ebazpena edozein izanda ere, ez zen eta ez da kezkatzeko arrazoirik falta. PSEk eginiko iragarpena (Batasunarekin hitz egingo duela esanez) eta Rodriguez Zapateroren adierazpena (eztabaida politikoak ez duela zergatik itxaron behar aitortuz) garrantzitsuak izan dira bere horretan. Haatik, ezin zaiei huts-hutsean so egin, bestelako gertaera txar askotxo gehiegitxo izaten ari baita aldi berean; horien artean, bistan da, ezker abertzalearen kontrako etenik gabeko jazarpena edota Polizia frantsesaren azken atxiloketak. Munduan zehar izandako gatazkak konpontzeko prozesu guztiak korapilatsuak izan direla esango du batek baino gehiagok. Arrazoia ez zaie faltako, dudarik ez; baina horrek ez du edozer justifikatzen. «Luzea, gogorra eta zaila» esaldia ardurak eta erantzukizunak ezkutatzeko erabiltzen dutela askok esango nuke nik. Ardura dutenek, hain zuzen, bidea ahalik eta samurrena egiten saiatu behako lukete. Badirudi, Grande-Marlaskaren zitazioak direla-eta, Batasunak mahai gainean jo zuen azken ukabilkadak PSEko (PSOEko) arduradunak mugiarazi dituela, eta aipatu urrats garrantzitsuak egin dituztela. Halere, bidea ez dute sasiz garbitu, ezta gutxiagorik ere. Epaile, PPko bozeramaile eta enparauek prozesuari eragozpenak jartzen dizkiotela izan dezakete orain aitzakia. Lopez eta Zapateroren azken hitz goxoen eta PPkoen zaunken artean, prozesuak aurrera egin dezan gutxieneko bermeak jarri behar dituztenek beren burua zuri dezakete. Edonork ikus dezake, argi bezain garbi, eskuin muturraren jokabide hertsia. Ezkutuan gera daiteke, ordea, beste funtsezko kontu bat: Gobernu espainolari eta berau kudeatzen duen alderdiari dagokiela etxeko txakurrak lotzea eta gatazka konpontzeko ibilbideak aurrera egin dezan beharrezko diren oinarrizko baldintzak segurtatzea. Orain arte, ez dute horrelakorik egin, eta krisi egoerari bide eman diote. Ez dituzte egin ez euskal eragileen arteko elkarrizketa ahalbidetzeko ez gatazkaren ondorioak gainditzeko mahaira iristeko egin beharreko lanak. -
|