GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-06-02
Joseba Permach, Marije Fullaondo eta Eli Zubiaga - Batasunaren izenean
Euskaldunduko duen eskolak hizkuntza politika berria eta bateratua behar du

Euskararen normalizazioaren bidean ezinbesteko tresna dugu euskaldunduko duen eskola. Baina lehenik argi ditzagun terminoak. Eskolaz ari garenean, bere zentzurik zabalenean erabiltzen dugu «eskola» hitza; eskola publikoez, pribatuez, kontzertatuez, ikastolez, kolegioez, institutuez, lizeoez, lanbide heziketako eskolez, eskola politeknikoez, unibertsitateez, musika eskolez, arte eskolez... guztietaz ari gara.

Eta, terminoak argitzen hasita, jarrai dezagun langintza berean. Euskalduntzea ez dugu, noski, hizkuntzaren ezagutza hutsarekin lotzen, hizkuntza eta kultura binomio banaezina baitira herri nortasunaren eta norbanakoen identitatearen eraikuntzan. Hala ere, gaurko honetan, eta herren geratzen garela onartuta, «euskalduntze» terminoa hiz- kuntzaren alorrari lotuta erabiliko dugu nagusiki. Behin argitu beharrekoak argituta, harira!

Hasieran genioen bezala, euskararen normalizazioaren bidean, ezinbesteko tresna dugu euskaldunduko duen eskola. Ez tresna bakarra, jakina; baina, zalantzarik gabe, nahitaezkoa. Alabaina, gaur gaurkoz ez daukagu horrelako tresnarik, ez behintzat ikasleen %100en euskalduntze funtzionala bermatzen duenik.

Behin eta berriro baieztatua eta argitara emana denez, Euskal Herriko eskoletan indarrean dauden hiz- kuntza politikek eta ereduek porrot egin dute beren oinarrizko helburua omen den euskalduntzean. Egindako azterketen emaitza objektiboen argitan, Euskal Herriko ikasleriaren %75 ez da euskaldunduko. Hala ere, zoritxarrez, agortutako hizkuntza politika eta ereduek indarrean jarraitzen dute.

Hezkuntza eta hizkuntza lege, dekretu eta abarren gainetik ­edo... haien eskutik?­, eskolak ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen. Ezbairik gabe, ikasleriaren euskalduntze funtzionala helburu duen politikak disposizio administratiboen bidez erretorika zabaltzeko estrategiari utzi eta, praktikan, euskalduntzea bermatuko duten baliabideak sortzeari ekin behar dio.

Bide horretan Euskal Herriko aniztasun soziolinguistiko, ekonomiko eta kulturala oinarri, errealitate dife- renteen beharrei erantzuna emateko aukera desberdinak eskainiko duen euskalduntzerako proiektu komuna eraikitzea ezinbestekoa dugu. Euskalduntzea helburu, euskal hezkuntzarako hizkuntza politika berria eta bateratua nahitaezkoa da. Proiektu irekia, tokian tokiko egoera errealean oinarrituz, eskola bakoitzaren eta guztien errealitate eta beharretara egoki daitekeena. Ezinbestean, hezkuntzan eta euskalgintzan ari diren eragileen arteko elkarlanean eta adostasunean oinarrituko den politika berria.

Horixe da azken urteotan euskal hezkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren aldarrikapen nagusietako bat. Bistan denez, eskolaren bidezko euskalduntzea erdiesteko egiturazko aldaketen beharra nabaria da. Gure aldetik, hiru irizpideren gainean oinarritzen dugu egiturazko aldaketa hori:

­Abiapuntua: Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza. Hori dela eta, euskal herritar ororen oinarrizko eskubidea da euskara jakin eta erabiltzea.

­Helburua: Euskara eskubidea dela aintzakotzat hartuz, belaunaldi berriek euskaraz bizitzeko aukera ziurtatuta izan behar dute.

­Tresna: Euskal herritar orok behar duen euskaraz bizitzeko aukera ziurtatzeko, euskararen ezagutza funtzionala bermatuko duen eskola ezinbesteko tresna da. Alegia, Euskal Herriko ikasle guztiei beren bizitzaren alor guztietan euskaraz aritzeko konpetentziak ziurtatuko dizkiena. Horretarako, euskararen egoera minorizatutik abiatuta, ikasleak euskaraz hezi behar ditu eskolak, bizitzaren alor orotan normaltasunez aritzeko euskararen ezagutza bermatuz.

Agerikoa denez, hori guztia ez zaigu hezkuntza gaietan ardura duten administrazioen zerutik eroriko. Ohi bezala, jendartearen aldarrikapenak administrazioaren aurreikuspenen aurretik doaz; argi-urteak aurre- tik. Eta administrazioak ez dira horiei erantzuteko gai edo, are larriago, ez daukate erantzuteko borondaterik. Premiazkoa da, beraz, sakoneko aldaketaren aldeko presio soziala areagotzea Euskal Herri osoan.

Horixe da «Bai eskolak euskalduntzeari!» kanpainak bilatzen duena. Eskola eredu berri baten beharra mahai gainean jarri eta eztabaida soziala piztea. Eragile askorekin batera, Batasunak bat egin du kanpai- nak dituen helburuekin eta berau babesteko gauzatu den sinadura bilketarekin. Era berean, gure zoriona adierazi nahi diegu egindako lan eskergagatik eta igandean amaiera-ekimenean Donostian bildu zuten jendetzagatik, aurrera begira egin behar den lanerako indartuta atera ginelako. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La Sección 14 y la Audiencia Nacional
Jendartea
Exigen en la calle el fin de la violencia machista tras las muertes de Barakaldo
Euskal Herria
Rajoy romperá su tregua con Zapatero si hay reunión
Euskal Herria
Dos detenidos por la Gendarmería junto a Burdeos
Euskal Herria
AEK Eguna eraberrituta dator beste behin, bi urteko etenaldiaren ondoren
Ekonomia
Preocupante desaparición de explotaciones agrarias vascas
Ekonomia
Donibane-Ziburuko bolintxeroek portua blokatu zuten
Kirolak
OIaizola II e Irujo, satisfechos con el material
Euskal Herria
Los ocho mahaikides de Batasuna, en libertad tras pasar ante el juez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea