Kilometroak 06k elkartu ditu berriro Alaitz eta Maider kanta egiteko
DONOSTIA
2004ko abenduaren 18an eman zuten azken kontzertua Alaitz eta Maiderrek. Geroztik Alaitz Patxi Perezen taldearekin dabil; eta Maider, berriz, etxean pieza berriak egin eta Haurtzaro ikastolan lan egiten bizi da Oiartzunen. Maider Zabalegik aire horietako bat, country estiloko pieza alai eta arin bat, aukeratu zuen eta Alaitz Telletxeak moldaketak egin eta erritmoa bizitu ondoren Jon Martinengana jo zuten. «Ikasle ohiak gara, gure lehen pausoak ere ikastola horretan eman genituen eta nola esan ezetz», kontatu zuen Maiderrek.
CDa hasi eta buka Oiartzunen egin dute. Xanet eta Anaitz Arotzena musikariek hartu dute parte;Arkaitz Minerrek ere instrumentu bat sartu zuen; ikastolako haur taldeak, koroak; Jon Martin ere animatu zen ahotsa sartzera eta Gorka Lexotiren etxean grabatu zuten pieza.
Jon Martinen lanik handiena hitzak jartzea izan da. «Oiartzungo bertso eskolara etorri zen Maider buruan zerabilen doinua kasete batean grabaturik zuela. Doinu bizia eta alaia izaki, pareko hitzak egitea erabaki nuen. Niretzat berriena grabazioan parte hartzea izan da, dena den. Esperientzia polita izan da, nahiz eta nire ahotsa kantuan entzuteak lotsa pixka bat ematen didan», kontatu zuen Jon Martinek.
«Txoratuta geratu naizela esan beharra dut Jonen ahotsarekin; izugarri gustatu zait», esan zuen Maiderrek, eta bertsolariak eskertu egin zion. «Ingo yeu, ingo ñeu/ euskara eta euskaraz/ ingo yeu, ingo ñeu/ hartuaz eta emanaz», da kantaren leloa eta kanta entzuten Koldo Mitxelenan bildu zirenen artean elkarrizketa sortu zen hitzen zentzu ekibokoaz. «Bigarren zentzuekin jolas egitea gustatzen zait», esan zuen bertsolariak, eta grabatzeko orduan katxondeo franko izan zutela erantsi zuen Maiderrek.
Kilometroetako webgunean zintzilikatu dute kanta, eta MP3 formatuan eskuratzeko nahiz sakelako telefonorako tonua jaisteko aukera guztiak eskainiko dituzte.
|