Tolosan egingo dute irailean Euskal Herriko Grafiti Lehiaketa
|
DONOSTIA
Topagunea euskararen mundura gazte jendea erakartzeko orain hiru urte hasi zen Euskal Herriko Grafiti Lehiaketa antolatzen. Mendaron egin zuten lehen edizioa; iaz Getxon izan zen eta Tolosan egingo dute aurten, irailaren 16an. Hamar taldek hartuko dute parte hirugarren edizio horretan, eta horiek aukeratu ahal izateko deialdia egin zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena atarian, bertan grafitigile bat lanean ari zen bitartean. Sonia Perez Topaguneko Gazte Saileko arduradunak aurkeztu zuen zer baldintza bete behar diren lehiaketan parte hartzeko. «Lehiaketa hau gazteen izaera sortzailea sustatu eta, aldi berean, gazteen artean euskararen erabilera indartzeko jarri genuen martxan», esan zuen Sonia Perezek.Bakarka edo taldeka (gehienez lau lagun)har daiteke parte. Zirriborro bat aurkeztu beharko dute Topagunean DIN A3an eta koloretan egina abuztuaren 31 bitartean. Epaimahai batek hamar onenak aukeratuko ditu eta lehiaketa heldu den irailaren 16an egingo dute. Grafitigile talde bakoitzak 2x7 metroko horma izango du. Soniak esan zuenez, arrakasta handia duen lehiaketa da, eta grafitiaren barruan poliki-poliki euskal estilo bat sortzen ari zela esan zuen. 1.200 euroko hiru sari egongo dira, eta Kalitatea fundazioak beste sari berezi bat ere emango du.
|