Musikaire berezia Elorrion, urtemuga ospatzen duelako
·Cesc Gelabert eta Lila Downs bertan izango dira Benito Lertxundirekin batean
Hamabost ekitaldi eskainiko ditu aurten Elorrioko Musikairek, egitarau berezia alegia, herriak 650 urte betetzen dituelako. Cesc Gelabert katalanaren dantza konpainia, Lila Downs mexikar-amerikarrak ekarriko dituen doinu biziak eta Benito Lertxundiren kontzertua nabarmen daitezke egitarauan.
ELORRIO
Aurten 15 ekitaldi antolatu ditu Musikairek, zazpi asteburutan banatuta eta aire librean, aprobetxaturik Elorriok dituen paraje eta eraikin paregabeak: baselizak (Gazeta, Argiñeta, Lourdesko koba eta San Jose), jauregiak (Kasajara eta Tola), elizak (San Agustin eta Sortzez Garbiaren parrokia), herriko plaza eta elizpea.Hamabost jaialdi horietan denetik apur bat izango da, denen gustua egiteko asmotan: hainbat musika mota, antzerkia, gaur egungo dantza, kale animazioa..., eta dena doan, nahiz eta Musikairek 115.000 euroko aurrekontua izango duen aurten.
Dantza konpainia Aipatzekoa da Cesc Gelabert egile katalanaren dantza konpainiak egingo duen emanaldia, gaur egungo dantzaren adibide goi mailakoa. Baita Lila Downs mexikar-amerikarrak ekarriko dituen erritmo biziak, mestizaje aberats baten adibide. Euskaldunek ere izango dute ordezkaritza nabarmena aurtengo aldian: Benito Lertxundik berrogei urteko ibilbidea ospatuko du Elorrion; Antzina folk talde sortu berriak bigarren kontzertua emango du hemen; Balen Lopez de Munain musikari bilbotarrak etxean joko du bere taldearekin batera, Italian sortua; baita Euskal Kantu Liriko Berriak ere; Makala DJk, bestalde, banda indartsua ekarriko du. Euskaldunekin batera, The Clientele musika taldea izango dugu Elorrion, La Barraca de Colon antzerkia, Los Zarabela argentinar taldea, El Negro y el Flaco, Saint Petersburg Cello Ensemble eta La Galera Encantada antzerki taldea.
Bederatzi urteko esperientzia bildu nahi izan dute antolatzaileek egitaraua eratzeko orduan. Elorrioko Uda Jaialdiak orain dela bederatzi urte hasi ziren, Arriola kultur elkarteak bultzaturik. Hasiera batean, esperimentu hutsa izan zen, bihozkada batean oinarritua: zergatik ez aprobetxatu Elorriok dituen paraje zoragarriak musikaz gozatzeko? Urtea joan eta urtea etorri, esperientzia indartu egin da, eta gero eta arrakasta handiagoa izan du. Antolatzaile taldea zabaldu egin da, musika motak ireki eta jendea ugaritu.
|