Ezkerrak Fatahri eta Hamasi egotzi die gerra zibilaren arriskua
RAMALA
Azken egunotako palestinar indarren arteko borrokek, aurrekaririk gabekoek, gerra zibilaren arriskuak hor jarraitzen duela gogorarazi dute, Hamasek eta Al Fatahk ez baitute orain arteko jarrera aldatu. «Elkarrizketa nazionala oso aurreratuta zegoen esan du Khalida Jarar PAHF Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko diputatuak. Baina bi aldeko buruek, beren arteko borroka dela-eta, ez zuten ahalegina ondo bukatzea nahi. Badirudi horiek bestelako interesak dituztela tentsioak gora egin dezan eta gerra zibila has dadin».Astelehena oso egun gogorra izan zen Fatahko eta Hamaseko milizianoen arteko borrokan. Bi pertsona hil ziren borroka horien eraginez, eta, esanguratsuago dena, liskarrak Ramalara ere iritsi ziren, Parlamentuak eta Gobernuak bertan dituzten egoitzak hartu baitzituzten Al Fatahkoek, eta instalazioak suntsitu. Ismail Haniyeh lehen ministroaren bulegoa dago suntsitutakoen artean, baina berak ez du inoiz erabili, Israelek ez baitio Gazatik Zisjordaniara joateko baimenik ematen. Gainera, azken bolada honetan ugaldu egin dira Israelen Haniyehren aurkako mehatxuak. Ramalako giroa gaiztotzearen eraginez, Hamaseko hamar abokatu Mukata Abu Mazen presidentearen egoitza ofizialean daude, Al Fatahko milizianoek bahitu nahi omen zituztelako, astelehenean ordu batzuez Jalil Rabei diputatuari gertatu zitzaion moduan. «Istiluok gerra zibilaren lehen harria dira», esan du Mamduh Al-Aker Palestinako Giza Eskubideen Batzorde Independenteko zuzendariak. Haren iritziz, mendebaldeko gobernuek palestinar herriari ezarri dioten boikotak areagotu egin du gerra zibil arriskua.
Nazioarteko laguntza
Hanan Ashraui diputatu independentearen iritziz, egungo egoera, oso txarra izanda, gehiago gaiztotu daiteke. Gainera, nazioarteko laguntza berreskuratzeko egiten diren ahaleginak zapuztu daitezke: «Nazioarteko komunitateak galdetzen digu ea nola nahi dugun laguntza ematea, gure arteko liskarrak konpontzeko gauza ez bagara». Saeb Erakat Arafaten garaiko ministroak Norvegia eta Kanadako diplomazialariekin hitz egin duela jakinarazi du. «Esan didate palestinarrok suntsitu egiten ditugula beren laguntzarekin eraikitako erakundeak».
|