Erreforma arinakez dira nahiko
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hezkuntzaren arloan ari diren bere bazkideekin batera eginiko hausnarketa ezagutzera eman zuen atzo. Aipaturiko eragileek hezkuntza ereduak euskaldun oso bilakatzeko jorratu beharreko pausoak aztertu dituzte, baita ondorio zehatz batera iritsi ere: bazterrean utzi behar da hizkuntza normalizatzeko guztiz kaltegarria litzatekeen «azaleko eraberritzeen bidea». Beste era batera esanda, hezkuntza arloan aritzeaz gain, Kontseiluko bazkide diren eragileen ustean, erreforma arinak alboratu eta aldaketa sakonera jotzea guztiz beharrezkoa da. Hezkuntza-ereduak eman duen uzta urria kontuan harturik, Kontseiluak eginiko azterketak zeharo zentzuzkoa dirudi. Atzoko agerraldian gogorarazi zuenez, Euskal Herrian hiru ikasletik bik euskara jakin gabe bukatzen du eskola. Egoera larria izanik, «dekretu bidezko erreforma arinak» oinarrizko gabeziak gainditzeko ez duela balio adieraztea norberaren iritzia islatzea baino gehiago errealitate gordinean sustaturiko analisitzat har daiteke. Ikasteko ereduak erreformatzeko bidea agorturik dagoela argi dagoenez gero, hezkuntza-eredua berritzeko pausoak eman behar dira. Indarrean dagoen sistemak ume eta gazte euskaldunak egiteko gaitasunik ez duela ikusita, sistema bere horretan gordetzea, askoz jota azaleko aldaketa batzuk onartuta, denbora galtzea besterik ez litzateke izango. Ondorioz, eskola euskalduntzeko apustuak sendoagoa behar du izan. Benetako aldaketaren aldeko indarrak izan badira, eta horren lekuko dira “Bai Eskolak Euskalduntzeari” plataformak aurkeztu dituen 110.000 atxikimenduak. Euskal gizarteak eskola euskalduntzeko proposamenari erakutsitako engaiamenduari so eginez, ekarpen zehatzak egin dituzte hizkuntzaren eta euskararen munduan lanean diharduten eragileek. Hala nola, hizkuntza-politika berria bultzatzea premiazkoa jotzen dute euskararen etorkizuna, Euskal Herriko lurralde guztietan, bermatzeko. Era berean, hezkuntza-sistema berria abian jartzeko giza baldintzak eta dirua behar direla azaldu zuten atzo eginiko agerraldian. Irakasleak trebatzea, ikasmaterialak berritzea, lan munduan eta unibertsitatean hizkuntz arloan diren hutsune nabarmenak betetzea... Hezkuntza dela-eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua iritsi dela jabeturik, heldu den ikasturteari begira eztabaida eraginkorra egiteko proposamenak plazaratu dituzte. -
|