UPV-EHUko Ikasle eta sindikatuek egoera ez «blokatzeko» eskatu dute
UPV-EHUko Ikasleen Kontseiluak Lakuako eta Unibertsitateko arduradunei irtenbideak lortzeko eskatu die «eurena baita ardura»; izan ere, sindikatuek irakasleei aktak ez sinatzeko proposatu diete. Sindikatuek, berriz, gaur eta bihar egingo dituzte batzarrak. Ostiralean izango duten bileran «proposamen zehatza» espero dute.
DONOSTIA
UPV-EHUko CCOOk, LABek, EILASek, ELAk, CSIFk eta UGTk irakasleei azterketako aktak ez sinatzeko eginiko eskaera dela-eta, Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluak irakasleek eginiko aldarrikapenak «erabat bidezkoak» direla adierazi du eta, hori dela-eta, erabateko errespetua erakutsi die haien mobilizazioei.Kaltetu nagusiak unibertsitateko ikasleak eta, batez ere, selektibitatea egin duten gazteak izango direla aintzat hartuta, unibertsitateko erakundeei egoera muturrera iristen ez uzteko eskatu die, ordea, Ikasleen Kontseiluak. «Horretarako, bide bakarra negoziazioa da», gehitu du. Alde horretatik, errektoreari eta errektoreordeei egoerari berehalako irtenbidea emateko eskatu die. Hezkuntza Saileko arduradunei ere zuzendu zaie Ikasleen Kontseilua, eta sindikatuen eskaerak aintzat har ditzaten eta egoera konpontzeko eskatu die. Ikasle Kontseiluaren esanetan, aktak sinatzean atzerapena izango balitz, ardura erakunde horiena izango litzateke. Hori dela-eta, ikasleei, eragozpenen bat izanez gero, Errektoretzara joateko deia egin die, bertan kexa jartzeko, «Errektoretza baita egoeraren eta, aldi berean, irtenbidearen arduradun». Beste alde batetik, EILAS sindikatuak atzo azaldu zuenez, eskaerak ez du izugarrizko eragina izango, baldin eta gehiegi luzatzen ez bada. Atzerapen bat litzateke, sindikatuaren ustez. Gogoan izan behar da, ordea, UPV-EHUko sindikatuek aditzera eman zutenez, negoziazioek aurrera egiten ez badute, litekeena dela uztailaren 15a bitarte ez sinatzea. Hori gertatuz gero, azterketek ez dute baliorik izango. Alde horretatik, aipatutako sei sindikatuetako ordezkariek adierazi zutenez, beren nahia ez da ikasleei kalte egitea, baina ez zaie «beste irtenbiderik geratu».
Batzarrak gaur eta bihar
Gaur bertan, sindikatuek egindako eskaera Donostiako eta Gasteizeko campusetan izango diren batzarretan eztabaidatuko dute; bihar, berriz, Bilboko eta Leioako campusetan.Hartutako erabakia dela-eta, oraindik ere ez Unibertsitateak ez eta Lakuak ere inolako berririk ez dutela eman azaldu zuten atzo; hala eta guztiz ere, ostiralean egingo duten bileran «proposamen zehatzago» bat aurkitzea espero dute. Izan ere, iragan ostegunean egindako bileratik ez ziren batere gustura atera. Haien esanetan, Lakuak proposatu zuen soldata igoera ez da orokorra. «Lakuaren proposamena hamar eta bost urteko antzinatasuna dutenei zuzendutakoa da. Lehenei 1.500 euroko igoera; eta bigarrenei, berriz, 3.500ekoa. Igoerek guztientzat izan behar dute», adierazi zuten. Kopuruari dagokionez, berriz, 6.000 euroko igoera eskatzen dute. Eskaera horrekin ostiraleko bileraren zain dira, eta bertan «jarrera malguagoak aurkitzea» espero dutela jakinarazi zuten.
|