Batasunak eta EHNEk AHTren auzian herria aintzat hartzeko eskatu dute
DONOSTIA
Batasunak eta EHNEk iragan den larunbatean AHTren proiektua bertan behera uzteko egin zen eskaera aintzat hartzeko eskatu dute. Batasunak prentsa adierazpen bidez adierazi zuenez, elkarretaratzeak «herri oso baten nahia» bildu zuen eta «komunikabide ofizialek mobilizazioa ezkutatu» nahi izan zutela salatu zuen.
Maiatzaren 19an Gasteizko Gobernuak herri kontsultari uko egin ziola gogorarazi zuen, eta EAJ, EA, PSOE, UPN eta IU alderdiek galdeketaren «beldur» direla ziurtatu zuen:«Lakuako eta Nafarroako gobernuek beldur diote eztabaidari, badakitelako herriari galdetuz gero gehienak AHTren aurka agertuko direla. Horregatik, nola edo hala azpiegitura hau egin beharra dute». Alderdi politiko horiek «herriari bizkarra eman» diotela eta «negozioa bilatzen duten interesei» erantzuten dietela esan zuen.
EHNEk, berriz, Madrilgo eta Lakuako gobernuei exijitu zien «informazio guztia» mahai gainean jar dezatela eta «gizartean eztabaida zabal bat izan arte, inolako logikarik ez duen AHTren proiektua gelditzeko».
Erakundeen jarrera dela-eta, Batasunak eta EHNEk «lana eta borroka egiteko ordua» iritsi dela azaldu zuten, eta «larunbatean bezala kalera ateratzea» ezinbestekotzat jo zuten.
|