Mirian BITERI
Bikotekidea eskatzeko eguna
Urkiolako Abad eta Paduako Antonio santuen santutegian lan ugari izan zuten atzo. Senargai edo emaztegai eske joan ziren asko eta asko. Abere eta artisau azokaz gozatu zuten.
Giro paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Urkiolako santutegira joan zirenek. San Antonioren eguna ospatzen zela aintzat hartuta, goiz-goizetik inguruetako lagunak bertaratzen joan ziren. Gehienak autoan edota autobusean, baina oinez nahiz bizikletaz joandakoak ere ikus zitezkeen. Pasaia ederrak ikusteagatik bakarrik merezi zuen.Elkar ezagutzen duten baserritarrentzat egun polita izaten da. Aspaldi ikusi ez eta hantxe egiten dute topo urtero-urtero. Batzuk abere eta guzti igotzen dira, santutegiko goialdean jartzen duten azokan parte hartzeko. Gehienak, hala ere, dagoena ikusteko eta ezagunekin mintzatzeko baino ez dira joaten, Abadiñotik iritsitako txaroles arrazako behi eta behikiak eta zaldiak begi-bistatik galtzen ez dituzten bitartean. Eguna aurrera joan ahala, gero eta zailagoa suertatzen zen ondoko artisau azoka behar bezala ikustea, jendetza zela-eta. Denetarik aurki zitekeen bertan. Ziurrenik, Euskal Herriko txoko ezberdinetan dauden baratzeetako produktu ederrak gailentzen ziren, hala nola, uraza, tomatea, piper berdea, babarruna, intxaurra edota patata berria.
Gazta eta baserriko ogia
Gisa horretako azoketan inoiz falta ez den beste bat Idiazabalgo gazta da. 14 euro ingururen truke, guztien eskura izan zen atzo, hain zuzen ere. Haatik, hainbeste erostea nahiago ez zutenentzat edota Urkiolan bertan probatu nahi zutenentzat, pintxoa dastatzeko aukera eskaintzen zuten postu askotan. Baserriko ogi goxoaz prestatuta, noski. Euro bat baino ez zuten balio. Erroskila zuriak ere nonahi ikus zitezkeen. Eta zer esanik ez egurrez landuriko aulkitxoak eta perretxikoetarako saskiak, besteren artean. Batek baino gehiagok horrelakoak etxera eramatea erabaki zuen, eta autorako bidean, larri eraman zuen. Oro har, salmentekin nahiko pozik agertzen ziren artisauak. Santutegi barruan ere tokia aurkitzea zail samarra zen eguerdi-partean. Adineko pertsonak sartu ziren, gehienbat, meza entzutera. Durangoko Santa Ana abesbatza eta Jon Azpillaga eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariak entzuteko aukera izan zuten. Beste batzuek, berriz, nahiago zuten harri ospetsuari bueltak ematen hastea. Esaten ei dutenez, neska-mutil ezkongaiek bikotekidea aurkitu nahi izanez gero, nahikoa dute harri horren inguruan jira batzuk egitea. Gainerako egunetan baino askoz lan handiagoa eman zioten atzo San Antoniori. Adin guztietakoak joaten ziren meteorito bat dela esaten duten harrira; sinesten ez duenik ere bazegoen tartean. Kontua harriaren inguruan birak ematea zen. Berdin zuen zenbat buelta edota zein norabidetarantz eman. Irizpide falta horrekin, zaila izan zuen San Antoniok eskatutakoa betetzea.
Ostatua udazkenerako
Urkiolako lekaideak egiten ari diren ostatua bisitatu zuten hainbat pertsonak. Berez, horren ateak atzo bertan zabaltzekoak zituzten. Baina lanak atzeratzen joan dira, eta azkenean, ezinezkoa izan zen. Alde horretatik, udazken aldera inauguratzea espero dute. Zerbait probatzeko tokirik ere bazegoen. Betiko tabernez gain, San Antonio eguna dela-eta, urtero-urtero jartzen dituzten txosnez ere gozatu ahal izan zuten bisitariek. Freskagarria zen edariren bat eskuratzea lehentasuna zen. Ez zen gutxiagorako. Haizea zebilen arren, eguzkiak gogor jotzen zuen eta, ondorioz, gorputzak eskatzen zuen. Pintxoak edota txorizozko ohiko taloak lagunduta, hala ere, askoz hobe. Eguerdi partean denetarik izan zen. Etxera bueltatu zirenez edota inguruetako jatetxeetan bazkaltzera joan zirenez gain, Urkiolako santutegiaren ondoko zelai eta basoetan ere jende andana geratu zen. Etxean egindako ogitarteko arruntak eta plater prestatuagoak itzalean lasai asko jan zituzten, eta ondoren, lo kuluxka egiten zuten. Indarra berreskuratu beharra zegoen, arratsaldean ere mugimendua baitzegoen. Ohiko erromeria, alegia. Aldameneko herrietako gazteen txanda iritsi zen orduan. Goizean, erretiratuak nagusitu ziren; arratsaldean, ordea, nahikotxo jaitsi zen bertaratutakoen adina. Lasaitasuna iluntze-partean bueltatu zen Urkiolara. Orain, San Antoniok eskatutakoa betetzea baino ez da falta. -
|