Barcina gaitzesteko eskatu du Iruñeko Udaleko NEBk
IRUÑEA. UPN eta CDN «koherenteak» baldin badira, Yolanda Barcina gaitzetsi behar dutela adierazi zuen atzo NEBk, larunbatean Madrilen AVTk deitutako manifestazioan parte hartu baitzuen Iruñeko alkateak eta han baitzen Ricardo Saenz de Ynestrillas. Izan ere, Ainhoa Aznarez PSNko zinegotzia Ahotsak taldean Batasuneko kideekin egoteagatik gaitzetsi baitzuten biek Iruñeko osoko bilkuran.
Eztabaida publikora deitu ditu alderdiak Baga Bogak
DONOSTIA. Baga Boga herri plataformak eztabaida publikoa egiteko proposamena egin die Donostiako udal taldeei, guztien artean agintaldia aztertzeko. Ekimen hori apartheid politikoa gainditzeko urrats bat izan daitekeela ere nabarmendu zuen. Gainera, arratsaldean egitea proposatu du, herritarrak eta eragileak egon daitezen.
Gutxiengoan arituko da EAJ-EA koalizioa Arrasateko Udalean
ARRASATE. Bederatzi zinegotzirekin gobernatu beharko du EAJ-EA koalizioak Arrasaten, Aralarreko zinegotziak dimititu baitu. Antza denez, Udalak alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko La Caixarekin eginiko akordioa dago erabakiaren atzean. Urtarrilaz geroztik, gainera, EBko hiru zinegotziak ere oposiziora igaro ziren.
|