Udalbiltza eta Gogoeta XXI, elkarlanerako prest
·Autodeterminazioari buruzko lan eta sakontze teorikoa «ezinbestekoa» delako, akordioa sinatu dute
DONOSTIA
Udalbiltzako presidente Loren Arkotxak honakoa esan zuen atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan: «Abertzaletasuna eta demokrazia aztertzea helburu duen Pentsamenduaren Bilgunea da Gogoeta sarea. Hala definitu zuen bere burua Nazio Eztabaidaguneak bultzatzen dituen ildo estrategikoetan azaltzen zen beharretako bat asetzeko eratu den elkarteak». Hau ere azaldu zuen: «Hausnarketa eta pentsamenduaren munduan gabiltzanon edo harekiko zaletasuna dugunon eta hari lotura diogunon arteko indar metaketa ahalbidetzeko sarea da». Sare horrek egiten duen lana sustatu nahi dutela esan zuen, eta xede horrekin elkarlanerako akordioa sinatu du Udalbiltzak. Arkotxak berretsi zuen autodeterminazio eskubidearen inguruko lanketa eta sakontze teorikoa «ezinbestekoa» dela. Gogoeta XXI taldeko Ekai Txapartegik uste du nazioen eta komunitateen arteko gatazka munduan bizi garela, eta horiek konpontzeko «gakoa» autodeterminazioa dela. Gaur, 19.00etan, mahai ingurua egingo du horren gainean Koldo Mitxelenan; biharko eta etziko, nazioarteko topaketak antolatu ditu Oñatin.
|